Adin txikiko hainbat emakumek sare sozialetatik jasandako mehatxuak salatu ditu Udalak

Uztarria.eus 2017ko eka. 10a, 21:49

Gertaerak salatzeaz gain, Udalak beren laguntza ere eskaini nahi izan die emakume horiei eta beren familiei. Prebentzio lana "ezinbestekoa" dela azpimarratu du, eta azken urteetan bezala ildo horretan lanean jarraituko duela azaldu du, "sare sozialen erabilera onaren aldeko eta sortzen dituzten arriskuen inguruko formazioa eskainita".

Azpeitiko eta Azkoitiko adin txikiko hainbat neskek sare sozialen bidez mehatxuak jaso dituzte, eta eraso horiek "gogor salatu" ditu Azpeitiko Udalak. Horrez gain, babesa azaldu die erasoa jaso dutenei eta beren familia zein gertukoei. "Argi azaldu nahi dugu inongo eraso, mehatxu, irain edo ekintza intoleranterik ez dugula onartzen", adierazi du Udalak.

Bestalde, azpimarratu du "herritar ororen askatasunaren kontrako edozein eraso onartezina" dela: "Are larriagoa iruditzen zaio Udalari adin txikiko emakumeen kontra, sare sozialen bidez eta anonimotasunetik, beren askatasunaren kontrako erasoak egitea".

Gertaerak salatzeaz gain, Udalak beren laguntza ere eskaini nahi izan die emakume horiei eta beren familiei. Era berean, mehatxuak jaso dituztenei Udalarekin harremanetan jartzeko eskatu die, egoera bere osotasunean aztertu eta neurriak hartzeko, eta behar duten kasuetan laguntza eta ahokularitza eskaintzeko.

Prebentzioa, "ezinbestekoa"

Herritarren eta ikastetxeen eskariz, azken urteotan sare sozialen erabilera onaren aldeko eta sortzen dituzten arriskuen inguruko formazioa eskaini du Udalak. Horregatik, "gertaera horiek errepikatu ez daitezen" bide horretan lanean jarraituko dutela adierazi dute.