Saninazioetako zezenketak aurkeztu dituzte Donostian

Uztarria.eus 2017ko eka. 10a, 20:35

Azpeitiko Zezenzale Batzordeak saninazioetako zezenketen kartela aurkeztu zuen ostegunean, Donostian. Bertan izan zen Mikel Ibarzabal Azpeitiko Udaleko festa batzordeburua ere.

Maiatzean zehaztu zituzten saninazioetako zezenketetan ariko diren toreatzaileak eta ganadutegiak. Aurten ere hiru zezenketa izango dira, baina egunei dagokienez, aldaketak egin dituzte. Izan ere, uztailaren 29an, 30ean eta 31n izango dira.

Uztailaren 29an, larunbatez, Cuadri ganadutegiko zezenak izango dira Azpeitiko zezen plazan, eta Paulita, Alberto Lamelas eta Sebastian Ritter izango dira toreatzaileak. Hilaren 30ean, San Inazio bezperan, berriz, Ana Romero ganadutegiko zezenekin ariko dira Curro Diaz, David Mora eta Borja Jimenez. Hirugarren eta azken zezenketa San Inazio egunez, uztailaren 31n, izango da, eta Fuente Ymbro ganadutegiko zezenak toreatuko dituzte Curro Diazek, Miguel Angel Pererak eta Roca Reyk.