Ikurrina jarri dute plazan, independentziaren inguruko herri galdeketaren urteurrenaren harira

Uztarria.eus 2017ko eka. 10a, 15:38

Joan den  astelehenean, ekainaren 5ean, Hitzartuk independentziaz egin zuen herri galdeketaren urtemuga izan zen. Horren harira, gaur, zapatua, ikurrin bat jarri dute plazan, Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko Gure Esku Dagok, 12:00etan hasi duten ekitaldiaren amaieran. Aurrena, hiru abestu kantatu dituzte Kantujira taldekoek, bertaratu diren herritarrekin batera. Ondoren, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Lourdes Isart herriko Gure Esku Dagoko kideak hartu dute hitza.

Eneko Etxeberriak adierazi duenez, erabakitze eskubideak ezinezkoa dela eta urruti dagoela dirudi. Baino, pausoak emanez, tinko eta norabide onean, helmugara iritsi gaitezke. Pausoak ematea da klabea, ez baitira gauzak, eta gutxiago eskubideak, zerutik erortzen". Horregatik, pausoak ematen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du. "Balio dezala ikur honek hemendik pasatzen diren guztientzat herri bat badagoenaren erakusgarri bezala eta azpeitiarrek aurrera egiteko borondatearen ikur bezala. Balio dezala gure begiei hemen herri bizi bat dagoela gogorarazteko", esan du Etxeberriak. Lourdes Isartek, bere aldetik, Gure Esku Dagok azken urteetan egin duen bidetik errepaso bat egin du, eta aipatu ditu orain arteko datarik garrantzitsuenak, hala nola, giza katea, Eskoziako erreferenduma, Kataluniakoa, GEDk estadioak betetzeko deitu zueneko eguna edota gaur arratsaldean Bilbon egingo den ekimena. Bestalde, beren helburuak zein diren azpimarratu du Isartek: "Estatus politikoari buruzko benetako erreferendum legala, euskal herritarroi egunen batean aukera emango diguna estatuarekin mantendu nahi dugun harreman politikoa, mugarik gabe, erabakitzeko. Erreferendum loteslea eta demokratikoa".

Hitza hartzen azkena Josu Albero GEDko kidea izan da. Alberok katalanez hitz egin du, eta gogoratu du, beraientzat Kataluniako borroka eta aldarriak beraienak ere badirela. Ekitaldiari amaiera emateko, ikurrina igo dute azoka plaza ondoan jarri duten hagara.