Autobusen ibilbideak eta geltokiak eztabaidagai

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 9a, 18:39
Jende ugari izan zen asteazkenerako Udalak deitu zuen batzarrean. (Azpeitiko Udala)

Geralekuak Sanjuandegira itzultzea nahi dutenak eta trafiko hori Etxebeltzeko zubi berritik ez bideratzea eskatzen dutenak aurrez aurre, asteazkeneko batzarrean.

Batzar jendetsua bezain beroa izan zen herenegun arratsaldekoa udaletxeko goiko solairuko aretoan. Ehundik gora lagun elkartu ziren han, udalak deituta, Sanjuandegi eta Etxebeltz-Izarra lotuko dituen zubi berriaren eta Sanjuandegiko autobus geltokien gaineko azalpenak entzuteko eta proposamenak plazaratzeko. Aipatutako bi auzoetako bizilagunak ziren batzartutako ia denak eta, salbuespenak salbuespen, bi jarrera nagusi eta kontrajarri plazaratu zituzten.

Sanjuandegiko gehienek defendatu zuten zubia eraikitzeko behin-behinean Loiolako Inazioren etorbidera aldatu dituzten autobus geltokiak igerileku parera itzultzea, auzora. Horretarako, printzipioz, bi auzoak lotzeko Urola ibaiaren gainean eraiki den zubitik eta, beraz, Etxebeltz-Izarra auzoa zeharkatuz bideratu beharko litzateke trafikoa. Eta neurri horren kontra hitz egin zuten ibaiaren bestaldeko auzokide gehienek, segurtasun eta bizi-kalitate arazoak argudiatuta.

Bi jarrera nagusiei erantzuteko alternatibak ere plazaratu zituzten bileran. Hitza hartu zuten herritar batzuk proposatu zuten autobusak orain oinezkoentzat moldatu den Loiolarako bide zaharretik ibiltzearen aukera aztertzea, zubia eraiki aurretik bezala. Beste batzuek, berriz, erdibideko irtenbideak planteatu zituzten, autobusek zubia norabide bakarrerako erabiltzea ahalbidetuko luketenak. Geltokien kokapena eta autobusen ibilbideak erabakitzeko herri kontsulta bat egitea ere proposatu zuten, besteak beste, XJ Auzolanean taldekoek, "plazarekin egin zen bezala".

Lehen 20 autobus, orain 180

Bileraren hasieran Eneko Etxeberria alkateak hartu zuen hitza. Udalak kontu honetan ezer ez daukala erabakita azpimarratuz hasi zen alkatea. Autobus geltokiekin zer gertatuko den galdezka udaletxera herritar asko joan zaizkiela azaldu zuen, "iritzi desberdinak emanez". Eta horiek plazaratzeko eta egoera argitzeko erabaki zuela udalak, hain zuzen ere, batzar irekia deitzea.

Azpeitian, autobusen trafikoaren eragina urte gutxian asko aldatu dela ere nabarmendu zuen Etxeberriak, "udalak zerbitzua hobetzeko azken urteetan egin duen ahalegin handia" tarteko. "Arazoaren dimentsioa ez da berdina orain. 2014tik igo egin da autobusen kopurua herrian. Lehen egunean 20 autobus pasatzen baziren, orain 180 dira; eta ez da berdina 20 autobus pasatzea, edo ia 200 pasatzea. Hor oinarrizko arazo bat daukagu".

Autobusen trafikoaren areagotzea Etxebeltz-Izarrako bizilagunen antzeko eta Sanjuandegikoen eskaeren oso bestelako kezkak eragiten ari dela esan zuen Etxeberriak. Autobusak herrigunetik ateratzea eta, Zestoan egin duten bezala, saihesbidetik bideratzeko eskaerak ere ari direla jasotzen esan zuen.

Arazo teknikorik ez

Alkateak sarreran esandako bestea berretsiz, autobusak ibilbide bat ala bestea egiteko, geltokiak behin-behinean dauden tokian uzteko ala lehengora bueltatzeko «arazo teknikorik ez» dagoela adierazi dio Urola Kostako Hitzari Josu Labaka zinegotziak. Izan ere, autobus geltokien kokapenak sortu dituen kezken ingurumarian hainbat zurrumurru ere zabaldu dira, irtenbide baten zein bestearen aldekoen jarrera kontrajarriak indartzeko balio izan dutenak. Etorbideko behin-behineko geltokiek behin betiko itxura dutela iritzi diote batzuek, eta hortik areagotu dira, esaterako, geltokiak Sanjuandegin nahi dituztenen kezkak. Etorbideko geltokiak horrela egitea Lurraldebusen irizpideak betetzeko dela azaldu zuten bileran alkateak eta zinegotziek.

Zubi berriaren neurriek autobusak handik ibiltzea eragotziko duen zurrumurrua ere zabaldu da azken asteetan; baina hori gezurtatu egin dute udal arduradunek. "Egia da, gero, Lurraldebusek onartu behar duela proposatutakoa, baina teknikoki bi aukerak gauzatu daitezke. Beste kontu bat da, iritzi desberdinak daudela. Arazoa ez da teknikoa, bizikidetza arazoa da; batzuek autobusak alde batetik pasatzea nahi dute, eta besteek bestaldetik", dio Labakak.

Udalak orain zer pauso emango dituen galdetuta, asmoa "herritar gehienen nahia errespetatzea" dela dio. "Azken finean, autobus zerbitzu ahalik eta egokiena  eman behar da. Bilera proposamen guztiak jasotzeko egin zen, eta uste dut nahiko argi gelditu zela gehiengo zabal batek nahi duela igerileku aurrean autobus geltokiak edukitzea. Beraz, hortik joango dira pausoak. Dena den, beste proposamen batzuk ere azaldu ziren batzarrean, eta guztiak aztertzeko fasean sartuko gara orain. Hori da egingo dugun ariketa".

Erabakiak hartzeko epea

Asteazkeneko batzarrean aurreratu zuten bezala, Etxebeltz-Izarra eta Sanjuandegi arteko zubia ia bukatuta dago. Kotxeak laster hasiko dira handik pasatzen, baina beste sei bat hilabete beharko dira autobusak pasatu ahal izateko, zubitik igerilekura doan kalean hiritartze lanak egin behar dituztelako.

Epe hori dute, beraz, aukerak aztertu eta erabakiak hartzeko.