Azpeitia prest, Herriarteko Pilota Txapelketako final laurdenetako itzulerarako

Uztarria.eus 2017ko eka. 9a, 14:56

Gaur jokatuko dute itzulerako partida Azkoitiaren aurka, Gurea pilotalekuan, 22:00etan hasita. Kadete mailan, Unai Alberdik eta Mikel Unanuek ordezkatuko dute Azpeitia; jubenil mailan, Gorka Iriartek eta Julen Egigurenek; eta Senior mailan, Jabier Odriozolak eta Daniel Murgiondok. Partida ikustera joateko doako autobus zerbitzua egongo da, 21:00etan. 

Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako final laurdenetako itzulerako partida jokatuko dute gaur, ekainak 9, Azpeitiak eta Azkoitiak. Hitzordua Gurea pilotalekuan dute, 22:00etan. Ilunpe Pilota Elkarteko pilotariak prest daude gaurko partidetarako, eta joan den astean lortutako emaitza errepikatzeko. 

Ilunpetik aurreratu dutenez, gaurkoan Azpeitia ordezkatuko duten pilotariak honakoak dira: kadete mailan, Unai Alberdik eta Mikel Unanuek; jubenil mailan, Gorka Iriartek eta Julen Egigurenek; eta Senior mailan, Jabier Odriozolak eta Daniel Murgiondok.

Joan den ostiralean, hilaren 2an, jokatu zuten joaneko partida Frontoi Txikian, eta Azpeitia nabarmen izan zen nagusi 3-0 irabazita. Modu horretan, Azpeitiko pilotariek txapelketan aurrera egiteko nahikoa izango dute Azkoitian jokatuko diren partidetako bat irabaztea edo azkoitiarrek baino tanto kopuru orokor hobea lortzea.

Autobus zerbitzua, doan

Partida ikustera joan nahi duten azpeitiarrentzat autobus zerbitzua antolatu dute Ilunpek eta Azpeitiko Udalak. 21:00ak aldera irtengo da autobusa Etxe Zuri aurretik eta anbulatorio aurretik. Zerbitzua doakoa izango da, eta ez dago aurrez izena eman beharrik.