'Mundua aztertuz, herri boterea hauspotu' hitzaldi zikloa antolatu dute Gaztetxean

Uztarria.eus 2017ko eka. 9a, 13:50

Askapenak, Elkar-ekinek eta Gaztetxeak antolatu dute asteartean, ekainaren 13an, hasi eta hilaren 28ra arte luzatuko den hitzaldi zikloa. Guztira, hiru solasaldi eskainiko dituzte, eta horien helburua da "gatazken erroa ulertaraztea, ondoren mundua iraultzeko".

"Mundua bor-borka" ari dela eta, Mundua aztertuz, herri boterea hauspotu hitzaldi zikloa antolatu dute Azpeitiko Gaztetxeak, Elkar-ekinek eta Askapenak, elkarlanean. Antolatzaileek azaldu dutenez, "ezin da ahaztu Venezuela bolivartarra kolokan dagoela, Europar Batasunaren eta kapitalaren ofentsiba, eta gogoan izan behar dira gerra inperialistak eta horiek eragindako ihesak...". Horregatik, "mundua iraultzeko", gatazka horien erroa zein den "ezinbestean" ulertu behar dela uste dute, eta horretara dator antolatu duten hitzaldi zikloa. Gaztetxeko kideek aurreratu dutenez, antolatutako hiru solasaldietan nazioarteari eta "kapitalaren Europari begirada bat" botako diote. 

Honakoak dira antolatu dituzten hitzaldiak: 

Ekainak 13, asteartea: 

18:30ean, Latinoamerica en la encrucijada. Las claves de la situacion en Venezuela, Iñaki Gil de San Vicenteren eskutik. 

Ekainak 20, asteartea: 

18:30ean, Europar Batasuna auzitan, Askapenaren eskutik.

Ekainak 28, asteazkena: 

18:30ean, Migrazioak eta eskuin muturraren gorakada, Asier Blasen eskutik.