Mikel Urdangarin: "Tarteka, ibai ertzetik atera eta basamortua ezagutu behar da"

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 8a, 19:12
Mikel Urdangarin. (Gaizka PeƱafiel)

Askatasuna ardatz duten hamar abesti bildu ditu Mikel Urdangarinek Margolaria diskoan. Azpeitiko Sanagustin kulturgunean aurkeztuko du igandean, 19:00etan hasita. Uztarriak bi sarrera zozkatuko ditu igandeko kontzerturako. 

"Bihozkada" bat izan zuen Mikel Urdangarinek (Zornotza, 1971); hortik Margolaria, diskoaren izena. "Azken egunean, diskoaren izena idaztera gindoazela, esan nion teknikoari gelditzeko, aldatu egingo genuela. Bihozkada izan zen, eta bihozkadei kasu egin behar zaie". Hala, Eskutik eskura izango zena, Margolaria bilakatu da azkenean. "Margolaria izena jarri nion kantu hori diskoaren bihotzean eta ardatzean dagoelako". Azken urtean bakarkako bira egiten aritu ostean, taldera itzulita kaleratu zuen lana musikariak, apirilean. Urdangarin bera gitarra akustikoarekin aritu da, Rafa Rueda beste gitarrak jotzen, Angel Celada baterian, Jon Cañaveras baxuan, eta Koldo Uriarte pianoan eta teklatuetan.

Askatasunaren gaia jarri duzu diskoaren erdigunean.

Ez dakit zer puntutaraino etorri den hori modu kontziente batean edo horrela behar zuelako. Iazko abenduan idatzi nituen diskoko hitz guztiak –nik idatzitako zazpi kantuen hitzak–, beren artean batasun bat egotea nahi nuelako. Idatzi ahala, sarri ateratzen zitzaidan libre hitza, eta batzuetan ez duzu ulertzen ondo zergatik. Abenduan, nire kezkak-eta seguru asko gai horren ingurukoak izango ziren. Askatasunaren ideiaz baino, askatasunaren zentzu batez ari naiz kantuetan, nik hura ulertzeko dudan eraz; eta gauza zehatzak bota baino, seguru asko galderak egiten ari naiz.

Korrontearen aurkako aldarri bat dago?

Bai, zenbait kantutan bai. Demagun ibai zabal batean gaudela guztiok, eta hori da gizarte arautua. Zure buruari uzten badiozu  ibai horren korronteak eraman zaitzan, gizartean erabat ordenatuta eta lerratuta bukatzen duzu. Eta nik uste dut bizitzan emantzipatzeko, korronte horretatik tarteka atera behar zarela. Tarteka, ibai ertzetik atera eta  basamortua ezagutu behar duzu, baita basoa ere. Artalde baten partaide sentitzeko beldurra dago, erabat otzanduta dagoen gizarte baten parte sentitzekoa. Nik askotan ikusten dut gizartea lokartuta dagoela, eta batzuetan ni ere egoten naiz lozorro horren pean. Baina badago halako garrasi bat kantuetan: zentzu kolektibotik irten, eta bakardadea bizitzeko aldarria. Askatasuna eta bakardadea lotzen ditut zenbait abestitan.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.