2017-2018 ikasturtean herrian ikastaroak emateko proposamenak jasotzeko epea ireki du Hezkuntza Sailak

Uztarria.eus 2017ko eka. 8a, 17:15

Proposamenak aurkeztu nahi dutenek ekainaren 30era arte izango dute horretarako aukera, udaletxeko sarrera erregistroan. Eskaera-orriarekin batera, ikastaroaren nondik-norakoak azalduko dituen txosten bat aurkeztu beharko da.

Hurrengo ikasturtean Azpeitian ikastaroren bat eman nahi duten herritarrak proposamenak aurkezteko epea ireki du Udaleko Hezkuntza sailak. Eskaerak ekainaren 30a baino lehen egin behar dira, udaletxeko sarrera erregistroan. Eskaera-orriarekin batera, ikastaroaren nondik-norakoak azalduko dituen txosten bat aurkeztu beharko da.

Txosten horretan, besteak beste, ikastaroaren helburua, edukiak, metodologia, iraupena, prezioa, nori zuzenduta dagoen eta irakasleak gaia ezagutzen duela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dira. Aldiz, ikasturte honetan ikastaroa eskaini dutenek, eskaera orria beteta nahikoa izango dute.

2016-2017 ikasturtean ikastaroren bat eman dutenen kasuan, egiten den proposamena orain artekoarekin jarraitzea bada, ez dute txostena aurkeztu beharko; nahikoa izango da eskaera orria betetzearekin. 

Ondoren, proiektuen balorazioa egingo du Udalak, eta aukeraketa fasean sartzeko hurrengo baldintzak bete behar dira: lantzea proposatzen duen gaiaren inguruko titulazioa edota lan esperientzia izatea, zerbitzu hori herrian beste inon ez eskaintzea eta Udaleko sailen bateko helburuekin bat egitea.

Aukeratutako proiektuei publizitatea egiteaz Udala arduratuko da, eta ikastaroa eskaini ahal izateko lokala ere utziko du. Udalak eta ikastaroa eskainiko duen pertsonak hitzarmena sinatuko dute. Bertan zehaztuko dituzte bi aldeen betebeharrak.