Aitor Zubizarreta: "Interesa agertu dute nigan hemengo zein kanpoko taldeek"

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 8a, 15:16
Aitor Zubizarreta, Azpeitiko kiroldegian. (Maialen Etxaniz)

18 urterekin joan zen Aitor Zubizarreta (Azpeitia, 1995) Portlandera (Oregon, AEB) saskibaloian aritzera eta ikastera. Idaho College taldetik igarota etxera itzuli da, lau urteko esperientziaren ostean.

Lau urte eta gero Azpeitian lur hartu duzu, dena hasi zen lekuan. Nostalgiarik sentitu al duzu?

Gustura nago etxera itzulita, familiarekin eta lagunekin egoteko, batik bat. Baina, ez dakit, nahiz eta gustura egon, Azpeitia txiki geratzen zait. Poza ere ematen dit itzultzeak, hainbeste ordu pasatu ditut hemen [kiroldegian], hainbeste entrenatzailerekin... Horregatik, agian, sentitzen dut nostalgia pixka bat. Egia esan, Iraurgirekin pasatutako orduei esker izan dut AEBetako esperientzia bizitzeko aukera.

Denboran atzera eginda, hara joan zinen lehen egunak nola gogoratzen dituzu?

Hasierako egunak nahiko txarrak izan ziren, batik bat ingelesa ondo ez nekielako. Nire ustez, banekien ingeles pixka bat, baina uste nuena baino gutxiago. Entrenamendu saioetan ere ez nintzen gauzekin gehiegi jabetzen, hizkuntza ez menderatzeagatik. Gogoan dut aitari-eta esaten niela etxera itzuli nahi nuela. Aitak eta biok gezurra esaten genion amari: han ongi pasatzen ari nintzela . Izan ere, ama hemen pixka bat sufritzen ari zen, ni han nintzelako.

Denborarekin, zeure lekua egin zenuen han. Nolakoa izan zen eboluzioa?

Hasieran, ia denek barre egiten zidaten nire ingeles azentuarengatik, baina gero lagunak egin eta jendearekin konfiantza hartzen joan ahala, ez zitzaidan axola nire ingelesa. Eroso sentitzen hasi nintzen, eta denbora gutxiren buruan, gustura egotea lortu nuen.

Portlanden hasi zinen, eta gero Boisera (Idaho, AEB) mugitu. Nola bizi izan zenuen aldaketa hura?

Portlanden gustura nengoen, baina ez nuen asko jokatzen. AEBetara saskibaloian jokatzera joan nintzen, eta ez zizkidaten minutu asko ematen. Horregatik, pentsatu genuen aldatzea komeni zitzaigula. Zorionez, Boiseko talde batek aukera eman zidan, eta aldaketa ez zen zaila izan. Jende jatorra aurkitu nuen Boisen. Gainera, ordurako ingelesa ere menderatzen nuen, eta erraz egokitu nintzen.

Jokalari ezaguna, ospetsua izatea, nola eraman duzu?

Boisen euskaldun asko bizi da, eta euskal komunitateak indar handia du. Iritsi nintzenean, hango egunkarietan eta Interneten nire berri eman zuten. Haientzat albistea zen euskaldun bat fitxatu izana. Entrenamenduetara eta lehen partidetara azaldu zen arbaso euskaldunak zituen adineko jendea. Egia esan, jende askok ezagutzen ninduen. Tabernaren batera bazkaltzera joaten nintzenean, sarritan, nor nintzen jakitun, doan ematen zidaten bazkaltzen. Polita da partida bukatu ostean, jendeak ezagutzea eta egindako lanarengatik zoriontzea.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.