Zapatuan ikurrina jarriko dute plazan, independentziaz egindako herri galdeketaren urteurrenaren harira

Uztarria.eus 2017ko eka. 8a, 12:50
Iaz, herri galdeketaren alde egin zen lipdub-eko irudia.

Joan den astelehenean, ekainaren 5ean, Hitzartuk independentziaren inguruan egin zuen herri galdeketaren urtemuga izan zen. Horren harira, urteurrena gogoratzeko ikurrina jarriko du Udalak zapatuan, plazan. Ekaineko ohiko udalbatzan aho batez onartu zuten ekainaren 10ean, larunbatez, Gure Esku Dagok Bilbon egingo duen ekitaldiari babesa erakusteko mozioa.

Zapatuan, ekainaren 10ean, Udalak ikurrina jarriko du plazan, 12:00etan. Ekainaren 27an, lau urte beteko dira Azpeitian Gure Esku Dagok bideari ekin zionetik, eta ekainaren 5ean, berriz, urtebete bete zen independentziari inguruko erreferenduma egin zela. Hori dela eta, zapatuan "duela urtebete erakutsi zen elkarlan horri urtebete beranduago bide emango dion ekimena" egingo duela adostu zuen Udalak, joan den astearteko ekaineko ohiko udalbatzan. Bestalde, babesa agertu zioten udal gobernuko bi alderdiek Gure Esku Dagok Bilbon egingo duen ekitaldiari. 

Mozioaren testua

"Astelehenean, ekainaren 5ean, Azpeitiko independentziari buruzko herri galdeketaren urtemuga izan zen Hitzartu taldeak eta Azpeitiko Gure Esku Dagok sekulako erronka hartu genuen erreferendum hori gauzatzea erabaki genuen unean.

Herritarren erantzuna, ezin hobea izan zen. Ia 5.000 azpeitiarrek, boto eskubidea zutenen %40ak, hainbestetan aldarrikatu dugun erabakitze eskubidea gauzatu genuen, herritarrok protagonista bihurtuz. Eta gehiengoak (%95ak) euskal estatu independente bati baietz esan zion.

Baina emaitza eta zenbakietatik harago, herri galdeketaren antolaketa Azpeitian azken urteotan burutu dugun auzolanik handiena izan zen. 200 boluntario baino gehiago aritu zen lanean galdeketa arrakastatsua izan zedin. Herrian ikusi genuen ilusioa, indarra, gogoa eta kemena hautestontzietan islatu zen gero.

Azpeitian duela urtebete ireki genuen bidea Euskal Herriko txoko askotara iristen ari da. Euskal herritarrok ulertzen hasi gara gure herriaren etorkizun politikoaren protagonistak geu garela. Oztopo guztien gainetik, geuk erabaki behar dugula zer nolako harreman politikoa mantendu nahi dugun estatuarekin.

Ekainaren 27an 4 urte beteko dira Azpeitian Gure Esku Dagok bideari ekin zionetik. Hitzaldi batek gaurdaino ekarri gaitu. Ekainaren 5ean berriz, urtebete beteko da galdeketa gauzatu genuenetik. Bide honetan ehundaka eta ehundaka azpeitiar izan gara eskuz esku lanean aritu garenak.

Bide horren helmuga argi dugu: estatus politikoari buruzko benetako erreferendum legala, euskal herritarroi egunen batean aukera emango diguna estatuarekin mantendu nahi dugun harreman politikoa, mugarik gabe, erabakitzeko. Erreferendum loteslea eta demokratikoa.

Eta datozen asteotan ere bide horretan hainbat urrats egiteko aukera izango dugu:

  • Ekainak 10: Bilboko ekimena. Galdera ikur erraldoia osatuko da Bilboko kaleetan, Herritarron Ituna aurkeztuz. Autobusak 15:30ean abiatuko dira Azpeititik. Izen-ematea, erakusketa gunean.

Horri gehitzeko eremu instituzionaletatik ere, Azpeitiko Udala, duela urtebete erakutsi zen elkarlan horri urtebete beranduago bide emango dion ekimena egingo du. 

  • Ekainaren 10ean, 12:00etan. Azpeitiko plazan ikurrina jarriko dugu, eta herritarrei ekitaldian parte hartzeko deia egiten diegu. 

Herritarrok, oraingoan ere bide honekin bat egingo duzuela espero dugu."