Ate joka dira Nuarbeko Trinidade festak

Uztarria.eus 2017ko eka. 7a, 13:34

Zapatuan kantujira izango da 19:00etan hasita. Herri afarirako izen-ematea aurrez egin beharko da Behar Zana soziedadean edo Nuarbeko festen Facebookeko orrialdean.

Ekainean ondo sartuta egokitu dira aurten Nuarbeko Trinidade jaiak, elizaren egutegiaren arabera hala suertatuta. Zapatuan, hilaren 10ean, hasiko dituzte festak, 16:00etan txupinazoa botata, eta hiru egunez festa giroa izango da Nuarben.

Egitarauari dagokionez, aurreko urteetakoaren antzekoa osatu dute aurten ere nuarbetarrek. Zapatu arratsaldean sokamuturra izango da auzoan, Zezen Beltz elkartekoen eskutik. Igande eta astelehen arratsaldean, berriz, umeentzako ekitaldiak izango dira nagusi: puzgarriak eta Irrien Lagunek frontoian emango dute ikuskizuna igandean, eta jolasak eta txokolatada eskainiko dituzte astelehenean. 

Aurtengoan berrikuntza batekin datoz Nuarbeko Trinidade jaiak, izan ere, estreinakoz kantujira egingo dute. Herri afariaren aurretik Nuarbeko kaleetan Azpeitiko Kantujira taldekoak izango dira poteatzen duten bitartean.

Aurreko urteetan bezala, zapatu arratsaldean Azpeititik Nuarbera joateko autobusak jarriko dituzte. 16:00etan izango da joaneko autobusa, anbulatorio aurrean, eta 19:30ean itzulerakoa, Nuarben.

Afarirako txartelak

Zapatuan izango da herri afaria, 20:30ean hasita. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute Behar Zana sozidadean edo Nuarbeko festen Facebookeko orrialdean mezua utzita. 

Hona hemen aurtengo Nuarbeko trinidade festetako egitaraua:

Ekainak 10, zapatua

16:00. Txupinazoa.
16:30. Sokamuturra.
19:00. Azpeitiko Kantujira taldearekin poteoa.
20:30. Herri afaria.
23:30. Elizagoien ahizpak.

Ekainak 11, igandea

12:00. Meza nagusia. Ondoren, luntxa, Juan Antxieta Musika Eskolako trikitilarien musikarekin.
16:00. Umeentzako puzgarriak, plazan.
18:00. Irrien Lagunen ikuskizuna.
Ondoren, Lajarekin eta Lutxurdiorekin erromeria.

Ekainak 12, astelehena

17:30. Umeentzako jolasak, tailerrak eta txokolatada.
Iluntzean, Izerrekin eta Narbaizarekin erromeria.