Bide berriari ekin dio Urola Lanbide Eskolak

Uztarria.eus 2017ko eka. 6a, 20:50
Urola Lanbide Eskolako eta Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako udal ordezkariak. (Maxixatzen)

Urola Lanbide Eskola izena hartu du Azkoitia-Azpeitia BHIko lanbide heziketak. Urola Lanbide Eskolako zuzendariak azaldu duenez, orain duten "lehentsasun handiena" da eraikina eta gelak egokitzea. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak esan du Udalarentzat "formazioa eta praktika elkartzeko, eta enpresekin lana lortzeko"  "ezinbesteko tresna" dela lanbide heziketa. 

Orain arte Azkoitia-Azpeitia BHIko lanbide heziketa bezala ezagutzen zen ikastetxeak ibilbide berria hasi du. Lanbide heziketaz gain, batxilergoa eta DBHko eskaintza ere ematen zuten bertan, baina orain identitate propio dun lanbide heziketa eskaintzeko, banatu egin dira. Hala Urola Lanbide Eskola izena hartu du, legeak hala eskatuta. Gaur, asteartea, eman dute horren berri Azkoitian egindako agerraldian, Alberto Izagirre Urola Ikastolako zuzendariak, Eduardo Sudupe Urola Lanbide Eskolako zuzendariak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eta Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak. 

Eduardo Sudupe Urola Lanbide Eskolako zuzendariak "gizarteari zerbitzua ematearen beharra" azpimarratu du: "Gure erronka Lanbide Heziketako Eskola berri honetan, gizarteari erantzuna ematea da". Sudupek azaldu duenez, "enpresak, enpresetako langileak, lana egin nahi dutenak baina ez dutenak, eta laneratze aukerarik ez dituzten ikasleak" hartu nahi dituzte kontuan. Bestalde, esan du, beraien "beharra" lanbide heziketari balioa ematea dela, "benetakoa dela transmititzea". "Oso epe motzera eraikina eta gelak egokitzeko beharra" ikusten dute, eta azaldu dutenez, Urola Lanbide Eskolan hori da duten lehentsasun handiena. "Eraikina eta instalazioak martxan jarrita, gizarteari entzutea izango da hurrengo urratsa", esan du Sudupek.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azken urteetako kudeaketa izan du hizpide: "Jendea teoriaz beteta, akademikoki formatuta dago, baina aldi berean horiek ere ezin lanik aurkitu. Udalak arazo hori propiotzat hartzen du". Horrez gain, Udalarentzat "formazioa eta praktika elkartzeko, eta enpresekin lana lortzeko" lanbide heziketa "hezinbesteko tresna" dela esan du Etxeberriak. "Udalek osagarri izan behar dute, gure herritarren, eta bereziki, gazteen ongizatea dago jokoan", adierazi du Azpeitiko alkateak.