Loiolako Inazio, zazpigarren artera ekarrita

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 6a, 17:31
AndreaS Muñoz, Loiolako Inazio hezurmamitu duen aktorea. (Andreas Muñoz)

Loiolako Inazioren bizitza kontatzen duen 'Ignacio de Loyola' filma aurrestreinatuko dute gaur, Loiolako basilikan, 19:30ean. Paolo Dy zuzendariaren lanaren aurkezpenean izango da Inazio hezurmamitu duen Andreas Muñoz aktorea.

Meza kontuak albo batera utzi eta zinema areto bilakatuko da gaur Loiolako basilika. Inazioren bizitza zazpigarren artera eraman dute, eta, hain zuzen ere, Ignacio de Loyola filmaren aurrestreinaldia egingo dute 19:30ean, basilikan. Ikus-entzunezkoaren aurkezpenean izango da haren protagonista Andreas Muñoz, Loiolako Inazio hezurmamitu duen aktorea.

Paolo Dy zinemagile filipinarra da Loiolako Inazioren bizitzaren inguruko biopic generoko lanaren zuzendaria, eta ikus-entzunezkoak 118 minutuko iraupena du. Zinemagileak adierazi duenez, jesulagunek sortutako eskola batean hazi zen, eta "aspaldidanik izugarri miresten" du Inazio: "Ni bezalako Manilako (Filipinak) mutiko batentzat aurkikuntza handia izan zen XVI. mendeko gizon haren inguruko egia eta bereizketa ezagutzea eta ikastea". Zentzu horretan, Dyk azaldu du, "historiako santu handienetakoa" den Loiolako Inazioren bizitza ikus-entzunezko batean kontatzeko aukera berari eman izana "ohorea" dela.

Filipinetan egin zuten Jesuit Communications Foundationek ekoitzitako filma iaz, eta han estreinatu ondoren, hil honen 16an iritsiko da lana zinema aretoetara. Honako aktore hauek hartu dute parte, besteak beste, ekoizpenean: Pepe Ociok, Ricardo Reguerak, Julio Perillanek eta Marta Codinak.
Filman Loiolako Inazio hezurmamitu duen aktore Andreas Muñozen esanetan, "egundoko esperientzia eta ohore handia" izan dira Loiolako Inazio irudikatzea eta pantaila handira eramatea. "Ez bakarrik gaztelaniaz, izan ere ingelesez ere errodatu dugu, nazioartean eskaintzeko". Horrez gain, Muñozek gaineratu du, duela bi urte filma grabatzera etorri zenean "liluratuta" geratu zela Loiolarekin. "Inazioren Loiolako etxean grabatu genituen hainbat sekuentzia, eta hori izugarrizko aukera da. Energia berezi bat sentitzen nuen leku hartan, eta berehala lortu nuen Inazioren azalean sartzea". Loiolako Inazioren etxea museoa da, eta, beraz, grabaketa lanak gauez egin behar izan zituztela adierazi du.

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.