Getariako Txakolina jatorriko 14 upategik plaza hartuko dute zapatuan, II. Txakolin Egunean

Uztarria.eus 2017ko eka. 6a, 16:11
Gaur aurkeztu dute II. Txakolin eguna, Ruth Mozok (ezkerrean), Amaia Erraskik (erdian) eta Mikel Ibartzabalek (eskuinean).

Azpeitiko Udalak antolatu du aurtengo Txakolin Eguna, Getariako Txakolina jatorrizko izendapena duten hamalau upategirekin batera. Edariak ez ezik, bildotxa eta gazta dastatzeko aukera egongo da, 11:30etik 14:30era bitartean.

II. Txakolin Eguna ospatuko da zapatuan, ekainaren 10ean, Azpeitiko plazan. Aurten Udalak eta Getariko Txakolina Izendapena duten upategiek antolatu dute iaz aurrenekoz egin zen festa, eta ez da jan-edanik faltako 11:30etik 14:30era bitartean. 

Aurtengoan, iaz bezala, Getariako Txakolina jatorrizko izendapena duten hamalau upategietako edariak egingo dira. Antolatzaileek aurreratu dutenez, 700 txakolin botila inguru. Honakoak dira parte-hartuko duten upategiak: Agerre, Arregi, Akarregi Txiki, Sagarmamiña, Elkano, Flysh, Gaintza, Txomin Etxaniz, Gañeta, Basalore, Mokoroa, Amestoi, Urki eta Ulacia. Kopak 5 eurotan eskuratu ahal izango dira, eta koparekin batera bost txakolin edateko aukera izango da. 

Txakolina ez ezik, Idiazabal jatorriko bost gazta eta burruntzian erretako bildotxa dastatzeko parada izango dute plazara hurbiltzen diren herritarrek. 800-1.000 bildotx pintxo inguru prestatuko dituztela azaldu dute antolatzaileek, eta horretaz arduratuko dira Karlos Ibarrondo taldeko sukaldariak. Bildotxa erretzea da beren espezialitatea. Bildotxaren pintxoak 1,5 euro balioko du eta gazta pintxoak, berriz, euro bat. Izarraitz gaztandegiko Amaia Errastik aurreratu duenez, salgai egongo dira bost gaztandegitako gaztak, plazan jarriko dituzten postuetan. Prestaketa lanetan lagunduko dute Azpeitiko Gaixo eta Elbarrien Aisialdiko Taldeko kideek. 

Edariak dastatu bitartean, musikarik faltako ez dela azaldu du Mikel Ibarzabal udaleko festa batzordeburuak. Izan ere, trikitilariak eta Aire Haizpak entzuteko aukera izango da plazan, festak irauten duen bitartean. 

Iaz, AZTEk antolatu zuen aurrenekoz Txalokin Eguna, Perez Arregi plazan, baina aurten dastaketa plazara eramatea erabaki dute. Ruth Mozo Getariko Txakolina jatorrizko izendapena duten edarien idazkari nagusiak azaldu duenez, izendapena duten upategien helburua da "herri ezberdinetara zabaltzea", eta Azpeitira hurbiltzeko, Udalarekin harremanetan jarri ziren duela bost urte inguru. "Plaza obretan zegoenez, antolakuntza atzeratu behar izan genuen. Guk nahiago izaten dugu Udalekin eskutik emanda joan, bestela antolakuntza eskuetatik joaten zaigu", esan du Mozok. Izan ere, hark azaldu duenez, "gero eta herri gehiagok" nahi izaten du Txakolin Eguna antolatu.