Zapatuan zabalduko dute estali gabeko igerilekua

Uztarria.eus 2017ko eka. 5a, 19:48
Estali gabeko igerilekua. (Azpeitiko Udala)

Irailaren 10era arte egongo da irekita, eta egunero zabalik izango da 11:00etatik 20:00etara bitartean. Hiru hilabeteko bonoaren prezioa mantenduko dute aurten.

Uda gero eta gertuago dago, eta urteko sasoi honetan urtero egin bezala, estali gabeko igerilekuak zapatuan, ekainaren 10ean, zabalduko ditu ateak. Irailaren 11ra arte egongo da irekita eta astelehentik igandera, egunero, zabalduko dute, 11:00etatik 20:00etara. 

Kirol Patronatuko bazkide direnentzat sarrera doakoa izango da, eta bazkide ez direnek hiru hilabeteko bonoa egiteko aukera izango dute. Bonoei dagokienez, seme-alabarik gabeko edota etxean bizi diren 25 urtez azpiko diru sarrerarik gabeko seme-alabak dituzten familiek 182,36 euro ordaindu beharko dute. Aldiz, 18 urte bitarteko norbanakoek 76,49 euro. 18 urtetik gorako norbanakoek 111,94 euro ordaindu beharko dute hiruhileko bonoa, eta 25 urtetik gorako ikasleek eta jubilatuek 83,96 euro. Langabetuei, berriz, 72,76 euro kostako zaie sarrera, eta familia langabetuek 122,09 eurotan eskuratu ahal izango dute bonoa. 

Hiru hilabeteko bonoa eskuratzeko Kirol Patronatura jo behar da (943-81 41 21).