Tokiko ekonomia izango da hizpide bihar, 'Ekonomia gurean' saioan

Uztarria.eus 2017ko eka. 5a, 18:20

Bailarako sektore ekonomiko ezberdinetako herritarrak Urola Erdiko ekonomiaz arituko dira bihar, asteartea, Tokikomek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean ekoitzitako Ekonomia gurean saioan. Uztarria, Erlo Telebista eta Maxixatzen tokiko komunikabideek beren alea jarri dute biharko saioaren prestaketan. Azkoitiko Elkargunean izango da saioa, 11:00etan hasita, eta interesa duen herritar oro hurbil daiteke bertara. 

Biharko Ekonomia gureanen hainbat hizlari izango dira, besteak beste, tokiko garapenean eta ekonomian aditua den Orkestrako Miren Larrea, Lehiakortasunerako Euskal Institutoko Aitziber Elola, Lufe altzari enpresako ordezkari bat eta Iraurgi Berritzen garapen agentziako zuzendaria. Horiez gain, Munibe Group eta Sakona Etxalde Ekologikoko kideen ekarpenak ere izango dira bertan.

Saioaren sustatzaileek adierazi dutenez, xedea da "ekonomiaren oinarri diren herritarrekin batera, inguratzen gaituen ekonomia gertutik ezagutzea eta etorkizuneko desafioei begira jartzea".