Amaitu da Azpeitia eta Hazparne oinez lotzeko egitasmoa, Hiru Zango eguneko festarekin

Uztarria.eus 2017ko eka. 5a, 16:44

Atzo, ekainak 4, eman zioten amaiera Azpeitia-Hazparne. 30urte. Bi herri pausoz pauso egitasmoari, Kanbotik Hazparnera arteko ibilaldia eginda. Egunari eta egitasmoari bukaera emateko, eguraldiari aurre eginda, Kurutxetako Bordan ospatu zen Hiru Zango egunarekin bat egin zuten 130 lagun inguruk. Bertan, Lapurdin ezaguna den zikiroa eta beste jateko batzuk dastatzeko aukera izan zuten azken etapan parte hartu zuten herritarrek, musikaz girotuta. Behin sabelak beteta, autobusez Hazparnera joan ziren, herria ezagutzeko. Azpeitiko eta Hazparneko Kantujirakoek prestatu zituzten bertso batzuk kantatu zituzten, eta ondoren Hiru Zango antolatzen duen Ezkia Ikastolara joan ziren. Han, Azpeitia-Hazparne. 30 urte. Bi herri pausoz pauso egitasmoa osorik amaitzea lortu duten 19 lagunei opari bat banatu zien Lagun Onak Mendi Bazkunak, egitasmorako egindako motxila bana, hain zuzen. Honakoak Lagun Onak M.Bk atzoko txangoan ateratako irudiak dira.

Joan den urtarrilaren 14an egin zuten Azpeitia eta Hazparne oinez lotzeko aurreneko ibilaldia, bi herrien arteko senidetzaren 30. urteurrenaren harira.