Jokin Aiertza aurrena, Aiako X. igoerako turismo eta 5. maila kategorietan

Uztarria.eus 2017ko eka. 5a, 13:30
Jokin Aiertza, bere tailerrean, eskuratutako garaikurrekin. (Jokin Aiertza)

Sailkapen orokorrean hirugarren postua lortu zuen azpeitiarrak. Joan den zapatuan jokatu zen Aiako igoeraren 10. edizioa. 

Jokin Aiertza azpeitiarrak lehenengo postua lortu zuen joan den zapatuan, hilak 3, Aiako X. igoerako turismo  eta 5. maila kategorietan,  02:20:819ko denbora eginda. Sailkapen orokorrean, aldiz, hirugarren sailkatzea lortu zuen Urraki eskuderiako gidariak. Aitor Zabaleta Gorla racing taldeko pilotua izan zen kategoria orokorrean denborarik onena egin zuena. 

Lau txanda osatu zituzten parte hartzaileek, bi entrenamendu txanda eta bi txanda ofizial. 10:00etatik 12:00etara Aiako Joan Etorle kalean egiaztapen tekniko eta administratiboak egin zituzten, eta lehenengo entrenamendu txanda 15:00etan abiatu zuten Andatza eta Aiako herrigunea lotzen dituen errepidean. 

Guztira, 38 parte hartzaile aritu ziren lehian, eta lasterketak Euskal Txapelketarako eta Gipuzkoako Txapelketarako puntuak lortzeko balio izan zuen.