Aitzol Atutxak jantzi du aurten ere Urrezko Aizkolarien Banakako txapela

Uztarria.eus 2017ko eka. 4a, 16:45

Aitzol Atutxa Atutxa II.ak txapel berri bat eraman du gaur bildumarako Azpeititik. Gaur eguerdian jokatu dira Urrezko Aizkoraren banakako finalak eta, Iker Vicente nafarrak nahikoa estu hartu badu ere, Dimakoak irabazi du txapel nagusia, iaz bezala. Ugaitz Mugertza Mugertza II.a izan da final nagusian hirugarren, eta Jon Rekondo laugarren. Joxe Migel Peñagarikano beizamarrak jantzi dio txapela Atutxari, orain dela 20 edizio Urrezko Aizkoraren lehen txapelketa irabazi zuela gogora ekarrita.

Aurten lehen aldiz, emakumeek ere jokatu dute Urrezko Aizkora. Gaurko finalean, Iruñe Izkuek jantzi du txapela, Nerea Sorondori buruz burukoan irabazita. Beste bi txapel ere banatu dira: 19 urtez azpikoetan Ioritz Gisasola Zelai III.ak jantzi du txapela, Xuban Kañamaresi aurrea hartuta; eta 23 urtez azpikoetan, Joxean Etxeberria gailendu zaio Oier Kañamaresi.

Urra nagusi, Izeta II.aren agurrekoan

Atutxarekin batera, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a izan da igande eguerdiko protagonista handia. Eta ez txapela irabazteagatik, gaurkoa bere azken txapelketa izan dela iragarri duelako baizik; finaleko azken saioari ekin aurretik jakinarazi du erabaki jendaurrean Aizkolarien finalekin tartekatuta jokatu den II. Pastorkua Memorialean, Mikel Lopetegi Urra nagusitu zaio Izetari.