Udalak babesa erakutsi dio EAJri batzokian agertu diren pintaketen harira

Uztarria.eus 2017ko eka. 2a, 16:18
Azpeitiko EAJren batzokian agertu diren pintaketak ezabatu dituzte goizean udal langileek. (Azpeitiko Udala)

Bart gauean egin dituzte pintaketak Azpeitiko EAJren batzokian. Ekintza hori salatu dute jeltzaleek Uztarriara igorritako gutunean. Udalak babesa erakutsi dio EAJri, eta 'EAJ Euskal Herritik kanpora' dioen margoketa egiteak "kritika politikoaren mugak gainditzen" dituela salatu du.

Azpeitiko EAJren batzokian agertu diren pintaketak salatu ditu Azpeitiko Udalak, eta babesa erakutsi dio jeltzaleei. Udalak adierazi duenez, "batzoki inguruan agertu diren pintaketen berri izan bezain pronto" ekin diote ingurua garbitzeari. Horrez gain, "alderdi politiko orori kritika politikoa egitea zilegi dela" esan du, "baina errespetua galdu gabe".

Leihoetara margoa botatzeak eta 'Herriak bizirik, EAJ Euskal Herritik kanpora' dioen pintaketa egiteak "kritika politikoaren mugak gainditzen" dituela salatu du Udalak. Bestetik, uste du "horrelako ekintzek" herrian bizikidetzan ematen ari diren pausoei ez dietela laguntzen.