Amets Cañizares: "Argi dugu herriaren boterearekin aurrera egingo dugula"

Uztarria.eus 2017ko eka. 2a, 15:28
Amets Cañizares erdian, Gasteizen biharko manifestaziorako kartelak pegatzen.

Errekaleor Bizirik mugimenduak Gasteizko auzo okupatuaren alde kalera ateratzeko mobilizazioa deitu du biharko, Guk argi daukagu lemapean. Errekaleorreko bizilaguna da Amets Cañizares (Azpeitia, 1994), eta herritarrei dei egin die mobilizazioan parte har dezaten eta "Errekaleorri argia eman" diezaioten. 

Mobilizazio horren helburua da "Errekaleorren aurkako jarrerak salatzea". Maiatzaren 18an auzoan argia moztu zuen Iberdrolak, Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta. Horri kalean erantzun nahi diote, nazioarteko babesarekin. 17:30ean elkartuko dira Andre Mari Zuriaren plazan.

Errekaleorren zinen maiatzaren 18an, auzoko argia moztera joan zirenean. Nola gogoratzen dituzu momentu haiek?

Ez da Errekaleorren argia mozten duten aurreneko aldia. Izan ere, orain dela bi urte ere argi gabe utzi zuten auzoa. Joan den maiatzaren 18ko gertaera ere duela bi urtekoaren antzerako azpi-jokoa izan zen. Ertzaintza eta Iberdrolako langileak etorri ziren, eta bertan ginen pertsonen aurrean jarrera oldarkorra erakutsi zuten aurreneko momentutik. Erasokor aritu ziren, eta azkenean hiru izan ziren atxilotu zituzten lagunak. Tentsio uneak izan ziren, gogorrak.

Babestuta sentitu al zarete orduz geroztik?

Benetan eskertzekoa izan da Errekaleorreko bizilagunok jaso dugun babesa. Bai Gasteiztik, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik eta baita hemendik kanpoko lekuetatik ere. Baina argi dagoena da Gasteizko Udalak ez gaituela babestu nahi, prekarietatean utzi nahi gaituzte, urik gabe eta argirik gabe. Horrekin batera etxe kaleratzea etorriko da, hori prestatzen ari dira. Baina gu aurre egiteko prest gaude.

Nola eragin du argia moztu izanak auzoan?

Errekaleor gero eta indartsuago dago. Denok batera aurrera jarraitzeko izugarrizko gogoa dugula ikusten da auzoan, eta emozioa eta ilusioa nabaria da auzokideon artean. Ahaldunduta sentitzen gara, gure buruaren jabe garela uste dugu, eta proiektua aurrera ateratzen saiatuko gara, argi gera dadin komunitateko bizitzaren aldeko apustua egiten dugula. Proiektuan sinesten dugula erakustera goaz. 

Mobilizazioa deitu duzue biharko. Zein dira zuen aurreikuspenak?

Errekaleorren aurkako jarrerak salatzeko deitu dugu biharko manifestazio internazionala, baina azpimarratu nahi dut ia egunero egoten direla herrien aurkako erasoak. Sistema honek eskaintzen dituen bizimoduetatik aparte sortzen diren bestelako proiektuak suntsitu nahi izaten dituzte, autogestioan oinarritutako eta kolektiboki eraikitako proiektuak suntsitzea da beren xedea. Biharko mobilizaziora begira, nahiko genuke jendea maila pertsonalean nahiz kolektiboan beren aldarriak oihukatzera etortzea, ikus dezaten herria bizirik dagoela eta guztiok argi dugula herriaren boterearekin aurrera egingo dugula. Beraz, azpeitiar oro animatzen dut bihar Gasteizera joatera, Errekaleorri argia ematera. 

Uztarriak aldizkariaren 191. zenbakian Errekaleorren bizi diren azpeitiarren inguruko erreportajea kaleratu zuen. Bertan biltzen dira, besteak beste, Amets Cañizaresen adierazpenak.