Erasmus + truke programa abiatu dute, GazteArt proiektuaren barruan

Uztarria.eus 2017ko eka. 2a, 12:31
Antolatzaileak, atzo, egitasmoaren berri ematen. (Azpeitiko Udala)

Deialdia bailara osorako bada ere, lehentasuna azpeitiarrek izango dute. Izan ere, Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak, eta Zizurkilgo Udalak osatu dute GazteArt proiektua, Italiako Napoli hiriko ENNEA elkartearekin batera. Izen ematea ekainaren 5etik 30era egin beharko da.

Sormen artistiko-plastikoan edo artistiko-grafikoan ezagutza, formazioa edota zaletasuna duten 1988 eta 1998 urteen artean jaiotako Urola Erdiko sei gaztek aukera izango dute Erasmus + truke programaren barruko GazteArt proiektuan parte hartzeko. Besteak beste, abenduan Napolin (Italia) astebeteko egonaldia egingo dute.

Deialdia bailara osorako bada ere, lehentasuna azpeitiarrek izango dute. Izan ere, Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak, eta Zizurkilgo Udalak osatu dute GazteArt proiektua, Italiako Napoli hiriko ENNEA elkartearekin batera. Gaztematika, Gipuzkoako Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako Sistemaren barruan sortutako lantalde baten emaitza da GazteArt. “2016-2017 ikasturteko planean erabaki zen Gipuzkoako Zerbitzuetan Erasmus + programak eskaintzen dituen aukerak lantzen hastea, programa horrek gazteriaren arloan eskaintzen dituen aukerak ezagutzeko eta, ahal izanez gero, aprobetxatzeko”, azaldu zuen deialdiaren aurkezpenean Jose Mari Luengo Zizurkilgo alkateak. Luengorekin batera, Ainara Larrañaga Azpeitiko zinegotziak eta Izaro Zinkunegi Kultur Mahaiko teknikariak eman zituzten egitasmoaren xehetasunak atzo, Zizurkilen.

Unibertsitate ikasleen trukerako Erasmus bezala, Erasmus + ere Europa mailako programa da eta herrialdeen arteko mugikortasuna ahalbidetzen du. Gazteen formazioa du helburu nagusi baina, Erasmus ez bezala, Erasmus + "irekia da, hau da, ez dago hezkuntza formalari lotuta, ezta unibertsitateko ikasleei soilik zuzenduta ere", argitu zuen Larrañagak.

Izen ematea eta baldintzak

Guztira, 24 gaztek hartuko dute parte GazteArt proiektuan: aipatutako Urola Erdiko seik, Aiztondo bailarako beste seik, eta Italiako hamabik. Astebeteko truke bikoitza egingo dute: urrian Euskal Herrian, eta abenduan Italian.

Izen ematea ekainaren 5etik 30era egin beharko da, Azpeitiko edo Zizurkilgo udaletan, curriculuma eta motibazio gutuna aurkeztuta. Uztailean jakinaraziko dituzte hautatuen izenak. Horiek 90 euro ordaindu beharko dituzte; edo 60 euro, ikasle, langabetu edo familia ugariko kide badira.