Hainbat jarduera antolatu dituzte Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira

Uztarria.eus 2017ko eka. 1a, 20:45
Iazko ibai garbiketaren irudia.

Ikasleek ikasturtean zehar material birziklagarriarekin egindako lanen erakusketa, tailerrak eta ibai garbiketa izango dira datozen egunetan. 

Ekainaren 5a Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da, eta horren harira hainbat ekintza antolatu ditu Azpeitiko Udalak. Alde batetik, herriko ikastetxeetako ikasleek ikasturtean zehar material birziklagarriarekin egindako eskulanen erakusketa izango da, ekainaren 5etik 8ra, Foruen Ibilbideko erakusketa aretoan. 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.

Bestetik, bi tailer antolatu dituzte. Ekainaren 10ean, zapatua, baby leaf edo hosto txiki jangarriak eta loreak sukaldean nola prestatu ikasteko saioa eskainiko dute Ingurugiro Museoa Etxean. Horrez gain, hosto eta barazki horien erabilera ezagutuko dute parte-hartzaileek. Ikastaroa 10:30etik 12:30era izango da. Bigarren ikastaroa, aldiz, ekainaren 12an izango da, eta bertan tomateak nola hazi eta nola zaindu ikasiko dute parte hartzen duten lagunek. Askotariko tomateak ezagutuko dituztela ere aurreratu dute antolatzaileek. Ikastaro hori 18:00etatik 20:00etara eskainiko dute, Ingurugiro Etxea Museoan.

Ibaia garbitzera

Azken urteetan egin bezala, Urola ibaia garbituko dute aurtengoan ere, ekainaren 16an, ostiralez. Horretarako hitzordua 09:00etan jarri dute plazan herriko ikastetxeek eta Baigerak, eta 13:00ak arte ariko dira lanean.