Lapatx, "aro berri batean" sartzear

Uztarria.eus 2017ko eka. 1a, 14:27
Lapatx zabortegiaren zigilatze lanak egin bitartean behin behineko estaldura jartzen ari dira. (Maialen Etxaniz)

Garbigunearen kudeaketa hobetzeko neurriak hartuko ditu Urola Erdiko Mankomunitateak. Helburua da "herritarrei eta enpresei beren hondakin ez arriskutsuei irteera modu egokian ematea, gaur egun baino koste ekonomiko txikiagoan". Bestalde, abian dira zabortegia zigilatu aurreko behin behineko lanak, baita hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko baimenen tramitea ere.

Urola Erdiko Mankomunitateak (UEM) eskumenak eman dizkio Lapatx Zabortegia SAri eraikuntza eta eraispen hondakinak, Lapatxeko Garbigunea eta hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko, eta zabortegiaren zigilatze lanen eta horiek amaitutakoan egin beharreko zaintza eta kontrolaren kudeaketaz arduratzeko. Hori dela eta, Lapatx zabortegia "aro berri batean" sartzear dagoela esan du Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak.

2016ko abenduaren 1ean itxi zuten Lapatx, eta aste gutxiren buruan hasi ziren zabortegia zigilatu aurretik egin beharreko lanekin. Zigilatze prozesuaren proiektua egina du Mankomunitateak, eta proiektu hori aurrera eramateko, baimenen tramitazio fasean dago orain Eusko Jaurlaritzarekin. Behin zabortegia zigilatzeko baimenak lortuta, "urte batzuetako" prozesua izango dela aurreratu du Bereziartuak, "zabortegiak lau edo bost urte behar baititu egonkortzeko". Baina zabortegiak gaur egun sortzen duen kutsadura (lixibatuak eta metano usaina) saihesteko, behin-behineko neurriak hartzen hasi da Mankomunitatea. Zigilatze lanak egin bitartean behin-behineko estaldura bat jarriko dute lehen hondakinak batzen ziren lur eremuan, euri urak lixibatu bihurtzea saihesteko era metano gasak atmosferara zuzenean ixuri ez daitetzen. Bereziartuak esan duenez, "helburua da modu horretan berotegi efektua saihestea". Estaldura lan horiek martxan dira urtea hasi zenetik. 

Garbigunearen "kudeaketa hobetzea" ere nahi du Mankomunitateak, eta horretarako neurriak hartzen hasiko direla aurreratu du Aitor Bereziartuak. "Xedea da herritarrei zerbitzu zabalagoa modu egokiago batean eskaintzea. Horretarako, adibidez, epe motzean arrain hondakinak jasotzeko gunea izango da Garbigunean". Horrez gain, hondakin ez arriskutsuen (egurra, plastikoa...) eta eraikuntza eta eraispen hondakinen (obretako hondakinen) kudeatzaile lanetan aritzeko baimenak tramitatzen ari dira Eusko Jaurlaritzarekin. "Baimenak izatean, gure mankomunitatean sortutako hondakin ez arriskutsuak modu egokian tratatu ahal izango dira, eta tratatu ezin den zatiari irteera modu egokiago batean ematea posible izango da", azaldu du Bereziartuak. Gremio txikietako herritarrek, igeltseroek kasu, hondakinak Azpeititik kanpora eraman behar izaten dituztela jakin du Mankomunitateak, eta horri "irtenbidea ematea" da xedea.

Aurrekontuak onartuta 

Urola Erdiko Mankomunitateak aurrekontuak onartu ditu. Hala, industriako bilketa ezartzeko egin beharreko tramitazioekin hasi dira dagoeneko. Aitor Bereziartuak azaldu duenez, bilketa sistema berriaren ezarpena udazkenean izatea aurreikusten du Mankomunitateak. Bestalde, UEMeko herrien industriako zaborrak biltzeko sistemaren eta Azpeitiko herritarren zabor bilketaren eta sentsibilizazio kanpainaren inguruko xehetasunak irailean emango dituela aurreikusten du Mankomunitateak.