Inaxio Uria omendu du Adegik, Enpresa Egunean

Uztarria.eus 2017ko eka. 1a, 13:47
ETAk hildako enpresarien senideek jaso zuten aitortza. (Adegi)

Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkarteak Enpresa Eguna ospatu zuen atzo, eta elkartearen 40. urteurrenean, ETAk hildako enpresariak omendu zituzten, Donostian egindako ekitaldian. Besteak beste, Inaxio Uria azpeitiarra oroitu zuten.

"Enpresak aurrera atera eta aberastasuna eta lana sortzea lortu, eta zitalki hil zituzten", esan zuen Pello Gibelalde Adegiko lehendakariak. Gaineratu zuen Gipuzkoako enpresariek "benetako drama pertsonalak eta familiarrak" sufritu izan dituztela.

Uriarenak ez ezik, Joxe Mari Korta, Angel Berazadi, Jose Luis Legasa, Jose Maria Latiegi, Arturo Quintanilla, Francisco Arin —Komando Autonomoek hila—, Francisco Arratibel eta Isidro Usabiagaren familiek ere jaso zuten aitortza. Horrez gain, "mehatxua eta xantaia" jasan zuten enpresariak ere omendu nahi izan zituzten.