Urrezko Aizkolari Banakako Txapelketako finala jokatuko da igandean, Izarraitz pilotalekuan

Uztarria.eus 2017ko mai. 31a, 16:24
Jose Luis Bengoa, Rekondo, Mugertza eta Elduaien. (Maialen Etxaniz)

Atutxa II.a, Iker Vicente, Mugertza II.a eta Jon Rekondo lehiatuko dira igandeko urrezko finalean. Antolatzaileek esan dutenez, "aizkoraren festa" izango da igandekoa, gazte mailako zein emakumeen mailako finalak ere izango baitira. 12:00etan hasiko da aizkora jaialdia, eta sarrerak ordubete lehenago jarriko dituzte salgai leihatilan, 25 eurotan. EITBk zuzenean eskainiko du saioa. 

Azpeitiak Urrezko Aizkolari Banakako Txapelketa Eusko Label Sari Nagusiaren finala hartuko du datorren igandean, ekainaren 4an. Izarraitz pilotalekuan jokatuko da beste urte batez, eta finala izateaz harago, "aizkoraren festa" izango dela azpimarratu du Luis Mari Bengoa txapelketaren antolatzaileak.

Bertan, urrezko mailan lehian arituko dira Aitzol Atutxa Atutxa II.a, Jon Rekondo, Iker Vicente eta Ugaitz Mugertza Mugertza II.a. Iaz bezala, aurten ere gazteen mailako finalak ere jokatuko dituzte. 23 urte azpikoetan lehiatuko dira Joxean Etxeberria eta Oier Kañamares. 19 urte azpikoetan, berriz, Ioritz Gisasola Zelai III.a eta Xuban Kañamaresek neurtuko dituzte indarrak. Aurten, gainera, emakumezkoek ere izango dute lekua txapelketan, eta Iruñe Izkue eta Nerea Sorondo ariko dira buruz buru aizkoran. 

Finala 12:00etan hasiko da, eta bi zati izango ditu. Aurrena gazteen mailako finalak eta emakumezkoena jokatuko dira, eta ondoren urrezko aizkolarien finalak hartuko du lekukoa. Urrezko mailako finalean aizkolarien finalean lan batetik besterako tartean harrijasotze txapelketa jokatuko da, II. Memorial Pastorkua Finala, hain zuzen. Bertan, parez pare ariko dira Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a eta Mikel Lopetegi Urra. Erabiliko dituzten harriak 125 kiloko koadroa, 113 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola izango dira. 

Urteak dira Urrezko Aizkolari Banakako Txapelketaren finala Azpeitian jokatzen denetik, eta horregatik "eskerrak" eman dizkio Luis Mari Bengoak Azpeitiko Udalari. Estitxu Elduaien zinegotziak, bere aldetik, esan du "pozgarria" dela horrelako kartel "osatua" ikustea, eta bertan emakumeek parte hartzea. Horrez gain, azpimarratu du Udalak bere esku dauden baliabide guztiak jarriko dituela igandekoa "ikuskizun polita izan dadin". Urrezko Aizkolari Binakako Txapelketaren finalean Izarraitzera 500 lagun inguru hurbildu zirela esan du Elduaienek, eta oraingoan ere hala izan dadin finalera bertaratzeko dei egin die aizkorazaleei. 

Atutxa II.a faborito

Gaur, astezkena, aurkeztu dute Urrezko Aizkolari Banakako Txapelketa Eusko Label Sari Nagusiaren finaleko egitaraua, eta aurkezpenean izan dira Jon Rekondo eta Ugaitz Mugertza. Biek ala biek finalera begira faborito ikusten dute Aitzol Atutxa, bera izan baitzen txapeldun iaz. Hala ere, biak Atutxa II.a "estutzeko prest" daudela azpimarratu dute. Rekondok esan du "nahiko ondo" aurkitzen dela, baina aizkolari handiak izango dituela aurrez aurre igandean. Hala ere, lan guztiak "ahalik eta ondoen" egiten saiatuko dela nabarmendu du. Mugertzak, bere aldetik, esan du Atutxa II.a dela txapelduna, baina gainerako finalisten lana txapelduna estutzea dela: "Kirolean beti izaten dira sorpresak. Beraz, sorpesa horren bila joan beharko gara". 

Sarrerak eta zozketa

Finalerako sarrerak aizkora jaialdia hasi baino ordubete lehenago jarriko dituzte salgai pilotalekuko leihatilan, 25 eurotan. 16 urte azpikoek ez dute sarrera oraindu beharko. 

Azpeitiko Udalak bost sarrera bikoitz zozkatuko ditu igandeko finalerako. Zozketan hartze hartzeko ostiraleko 10:00ak baino lehen udalzozketak@azpeitia.eus helbidera idatzi beharko da. Mezuan izen abizenak eta telefono zenbaki bat eman beharko dute zozketan partu nahi duten herritarrek, sarituak izanez gero Udala eurekin harremanetan jartzeko.

EITBk zuzenean eskainiko du saioa.