'Ignacio de Loyola' filmaren aurrestreinaldia egingo dute Loiolako Basilikan ekainaren 6an

Uztarria.eus 2017ko mai. 30a, 21:30
'Ignacio de Loyola' filmaren kartela.

Filmaren aurkezpenean izango da haren protagonista Andreas Muñoz. Filipinetan egin zuten filma iaz, eta datorren ekainaren 16an iritsiko da pelikula zine aretoetara.

Ignacio de Loyola filmaren aurrestreinaldia egingo dute datorren asteartean, ekainak 6, Loiolako Basilikan (oraindik ez dute zehaztu ordua). Horrenbestez, bi orduz zine areto bilakatuko da basilika. Filmaren aurkezpenean izango da haren protagonista Andreas Muñoz. Hain zuzen ere, Loiolako Inazio hezurmamitzen du filmean Muñozek.

Filipinetan egin zuten Jesuit Communications Foundationek ekoitzitako filma iaz, eta han estreinatu ondoren, datorren ekainaren 16an iritsiko da pelikula zinema aretoetara. Paolo Dy da Loiolako Inazioren bizitzaren inguruko biopic generoko lanaren zuzendaria, eta filmak 118 minutuko iraupena du. Honako aktore hauek parte hartu dute, besteak beste, ekoizpenean: Pepe Ocio, Ricardo Reguera, Julio Perillan eta Marta Codina.

Filmaren grabaketak hainbat tokitan egin zituzten, hala nola Azpeitian, Aretxabaletan, Artaxoan, Iruñean, Lizarran, Zugarramurdin eta Saussen (Aragoi, Espainia).