Bihotz-biriken suspertze teknikak erakusteko jardunaldia egingo du DYAk ekainaren 11n

Uztarria.eus 2017ko mai. 29a, 15:40

Plazan erakutsiko dituzte bihotz-biriken suspertzeko teknikak, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Jardunaldien helburua da, bihotz-biriken geldialdi baten aurrean jokatzen jakitearen garrantziaz kontzientziatzea.

Ekainaren 1ean, ostegunean, DYAk seigarren urtez jarraian Bihotz Biriken Suspertze Eguna ospatuko du, Zure eskuek bizitza bat salba dezakete lemapean. Sentsibilizazio kanpainaren helburua da bihotz-biriken geldialdi baten aurrean jokatzen jakitearen garrantziaz kontzientziatzea. "Teknika horiek zein errazak diren erakusteko", Gipuzkoako hainbat puntutan standak jarriko ditu DYAk, nahi duenak suspertzearen oinarrizko teknikak doan ikasi ahal izateko. Azpeitian, ekainaren 11n egingo dute geldialdia, 10:00etatik 13:00etara, plazan. 

DYAk azaldu du ikerketa ezberdinek erakusten dutela, bihotz-gelditze baten osteko lehen 5 minututan esku hartuz gero, pertsona baten biziraupena %70era igotzen dela. Gainera, teknika horiek ikastearen erreztasuna azpimarratu dute: "Bihotz-biriken suspertzearen teknika oso erraza da. Ikasteko 10 minutu soilik behar dira, nahiz eta aurretiko osasun formakuntzarik ez izan, eta edozein pertsonaren eskura dago, bere adina edozein dela ere".