Zapatuan itxiko da Sorkutza Bekara proiektuak aurkezteko epea

Uztarria.eus 2017ko mai. 29a, 15:07
'Erraiak' proiektuaren aurkezpeneko irudia. Iazko Sorkuntza Beka jaso zuen 'Erraiak'-ek

Sortzaileek edozein kultur arlotako proiektuak aurkez ditzakete (musika, pintura, eskultura, literatura, antzerkia, komikia, soinu konposizioa, ikus-entzunekoa, dantza...). Azpeitian bi urtez erroldatuta egotea baloratuko da; baina Azpeititik kanpoko sortzaileek ere izango dute beka jasotzeko aukera. Guztira, 12.000 euro banatuko ditu Udalak kultur sorkuntza proiektuak sustatzeko. 

Maiatzaren 2an zabaldu zuen Udalak Sorkuntza Bekara lanak aurkezteko epea, eta datorren zapatuan, ekainaren 3an, itxiko da. 16 urtetik gorako edonork aurkez ditzake proiektuak bekara. Aurten, aurrenekoz, Azpeititik kanpoko sortzaileek ere izango dute horretarako aukera.

Sortzaileek edozein kultur arlotako proiektuak aurkez ditzakete (musika, pintura, eskultura, literatura, antzerkia, komikia, soinu konposizioa, ikus-entzunekoa, dantza...), baina laguntzak banatzerako orduan kontuan izango dituzte, besteak beste, proiektuen interesa, kalitatea, originaltasuna, diziplina ezberdinak nahastea eta Azpeitiko kulturari egin diezaioketen ekarpena. Eskatzaile bakoitzak nahi adina proiektu aurkez ditzake bekara, baina sortzaileko gehienez bi proiektu lagunduko dituzte diruz. 

Honakoak dira 2017ko Sorkuntza Bekaren oinarriak:

  • 16 urtetik gorako edozeinek aurkeztu ahal izango ditu proiektuak.
  • Edozein kultur arlotako proiektuak lagunduko dira diruz.
  • Eskatzaile bakoitzak nahi adina proiektu aurkez ditzake, baina gehienez bi proiektu lagunduko dira diruz.
  • Kontuan hartuko dira proiektuen interesa, kalitatea, originaltasuna, diziplina ezberdinak nahastea, Azpeitiko kulturari egin diezaioketen ekarpena, eta genero ikuspegia eta bazterketa soziala jasateko arriskuan daudenak ere kontuan hartzea.
  • Proiektuak aztertzeko sei laguneko taldea eratuko dute Udalak eta Kultur Mahaiak hiruna kiderekin.
  • Azpeitian bi urtez erroldatuta egotea baloratuko da; baina Azpeititik kanpoko sortzaileek ere izango dute beka jasotzeko aukera.

Iaz jarri zuten martxan Sorkuntza Beka Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak kultur sorkuntza bultzatzeko xedearekin, eta aurkeztu ziren hamar proiektuetatik bost lagundu zituzten diruz. 6.000 euro bideratu zituzten sortzaile gazteen proiektuak diruz laguntzera, eta aurten diru partida hori bikoiztu dute. Hala, 12.000 euro banatuko dituzte aurtengo Sorkuntza Bekara aurkezten diren lanen artean.