Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa 'Karidadeko Benta' taldeak irabazi du

Uztarria.eus 2017ko mai. 27a, 22:33

 

Giro bikaina izan da gaur Izarraitz pilotalekuan, Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako finalean. 700 pertsona inguru elkartu dira, Asteasuko eta Zizurkilgo bertsolariek osatzen duten Karidadeko Benta taldea eta Amasa eta Villabonako bertsolariekin osatutako Am…ona! taldeen saioarekin gozatzera. Joseba Otaegi, Unai Mendizabal eta Haritz Mujika aritu dira Karidadeko Bentaren izenean kantuan, eta Oihana Iguaranek, Beñat Iguaranek eta Ander Goikoetxeak, berriz, Am…ona! taldea ordezkatu dute bertsotan. Erniarraitz Bertso Elkarteko Gurutze Oiarzabalek adierazi duenez, “saio txukuna” egin dute bi taldeek, eta Karidadeko Bentak jantzi du txapela.

Talde irabazleak txapela jantzi aurretik, Herriartekoan parte hartu duten talde guztietako ordezkariak igo dira oholtzara oroigarria jasotzeko. Bukatzeko, Am…ona! taldeak jantzi dio txapela Karidadeko Benta taldeari. Otsailetik hasitako bideari jai giroan amaiera emateko, 150 lagun inguruk Sanagustinen afalduko dute.  

Erniarraitz Bertso Elkarteko lau taldek hartu dute parte guztira Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketan. Erniarraitz 1 taldea finalaurrekora iritsi zen, baina Karidadeko Benta taldearen kontra hitzak neurtu ondoren, txapelketatik kanpo geratu zen.

(Argazkia: Gurutze Oiarzabal)