Dozenaka herritarrek elkartasunez hautsi dute zapalkuntzaren harresia

Uztarria.eus 2017ko mai. 27a, 21:49

Herriko ikastetxeek eta Elkar-ekinek elkarlanean atzo plazan irudikatu zuten harresia dozenaka herritarrek elkartasunez hautsi dute gaur, maiatzak 27, errefuxiatuei babesa eskaintzeko asmoz. Zapalkuntzaren harresiak elkartasunez apurtu ekimena txalaparta doinuekin hasi dute, harresiaren aurrekaldean herritarrek borobil bat osatu ostean. Mikel Alberdik eta Joseba Etxanizek txalaparta jo ondoren, Onintza Valverdek gitarrarekin Mikel Laboaren Sustraiak eta Hector Roverto Chaveroren Piedra y Camino kantak jo ditu. Gero, hitza hartu dute Ahmed Ziad eta Hetra Besodgema saharauiarrek, eta errefuxiatuen kanpamentuko "duintasunik gabeko bizitza" izan dute hizpide. Ekitaldia bukatzeko, Elkar-ekineko kide Tomas Karrerak errefuxiatuei babesa eskaini die, haiekin gertatzen ari den injustiziaren aurrean, eta ekimenera bertaratu diren herritarrak harresia apurtu eta handik pasatzera gonbidatu ditu.

Jarraian ikusgai gaur arratsaldeko Zapalkuntzaren harresiak elkartasunez apurtu ekimeneko argazkiak.