Ekintzaileak lan mundura murgiltzea xede duen Lanzituz programa ekainaren 13an hasiko da

Uztarria.eus 2017ko mai. 26a, 13:05
Iraurgi Berritzenek, Azpeitiko eta Azkoitiko Garapen eta Berrikuntza agentziak, Lanzituz proiektua jarri du martxan hirugarrenez, langabetuak lan mundura murgiltzeko xedearekin, Lan Sozietateak eredu hartuta. Ekainaren 13an hasiko da Lanzituz programa, eta hiru asteko iraupena izango du.

Iraurgi Berritzenek, Azpeitiko eta Azkoitiko Garapen eta Berrikuntza agentziak, Lanzituz proiektua jarri du martxan hirugarrenez, langabetuak lan mundura murgiltzeko xedearekin, Lan Sozietateak eredu hartuta.

Ekainaren 13an hasiko da Lanzituz programa, eta hiru asteko iraupena izango du. Saioak 09:30etik 13:30era izango dira, eta, batik bat, langabetuei bideratuta egongo dira. Proiektuaren sustatzaileek azaldu duenez, Urola Erdiko ekintzaileek beraien negozio propioa martxan jartzerako orduan kontuan eduki behar dituzten pausoak zein diren azaldu nahi dute Lanzituz programarekin. Horrez gain, ekintzaileen proiektuen bideragarritasunaren azterketak egingo dituzte ikastaroan zehar. Izatez, maiatzean hastekoa zen ikastaroa, baina jende nahikoa apuntatu ez zenez, atzeratu egin zituzten saioak.

Programaren inguruko xehetasun edo informazio gehiago jaso nahi duenak 943-85 11 00 telefono zenbakira deitu dezake edota ieizagirre@iraurgiberritzen.eus helbidera idatzi. Egitasmoa Europako Funts Sozialak finantzatu du, eta ondorengo erakundeek hartuko dute parte: Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteak, Iraurgi Berritzenek, Gipuzkoako Bazkundeak, EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak eta Euskadiko CCOO sindikatuak.