Sorkuntza Beken aurkako epaiaren kontrako helegitea aurkeztuko du udalak

Uztarria.eus 2017ko mai. 26a, 12:43
Mikel Elorza abokatua eta Ainara LarraƱaga eta Josu Labaka zinegotziak. (Azpeitiko Udala)
Beken oinarrien hizkuntza irizpideak aintzat hartu eta deialdiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Karlos Urkijo orduko Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak. Maiatzaren hasieran izan zuten udal ordezkariek kasuaren gaineko ahozko saioa, eta epaia haien aurkakoa izan da. Orain errekurtsoa aurkeztuko du udalak. Aurtengo beka deialdia martxan da dagoeneko.

Iazko martxoan egin zuen Azpeitiko Udalak Sorkuntza Beken lehen deialdia, eta Karlos Urkijo orduko Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak beken gaineko informazioa bidaltzea eskatu zion udalari. Ondoren, beken oinarrien hizkuntza irizpideak aintzat hartu eta deialdiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta, ordutik, bide administratiboa jarraitu du gaiak.

Maiatzaren hasieran izan zuten udal ordezkariek kasuaren gaineko ahozko saioa, eta handik gutxira kaleratu zuen epaitegiak ebazpena: Donostiako Administrazio Auzitegiko 3. zenbakiak arrazoia eman zion Karlos Urkijori. Azpeitiko Udalak epaiaren aurkako errekurtsoa jarriko du. Ainara Larrañaga Azpeitiko Udaleko Kultura zinegotziak azaldu duenez, beken helburua da "kultura, eta, batez ere, euskal kultura" sustatzea. "Azpeitian euskaraz bizi gara, eta euskaraz sortzen duten artista horiei lagundu nahi diegu bekarekin".

Sorkuntza Bekek bide judiziala hartu izanagatik, aurtengorako ere egin du deialdia udalak. Ordezkariek argi azaldu dute ez dutela "atzera" egingo. "Sorkuntza bekan sinesten dugu, argi dugu beka horiek beharrezkoak direla euskal sorkuntza bultzatzeko", esan du Larrañagak. Iazko arrakasta ikusita, beketara bideratutako diru kopurua bikoiztu egin du udalak, eta 12.000 euro banatuko dituzte aurtengoan. Sortzaileek ekainaren 3a bitartean izango dute beren proiektua aurkezteko epea.

Ez da bakarra

Sorkuntza Beken aurkako helegitea ez da Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohiak aurreko agintaldian udalari jarri zion bakarra. Izan ere, hainbat prozedura zabalik daude dagoeneko: Espainiako bandera udaletxean jartzekoa, presoen senideei emandako diru laguntzena, Olatz Izagirre babesteko mozioagatik abiatutakoa, Kataluniako estelada udaletxeko balkoian jartzeagatik aurkeztutakoa, aktak euskaraz bidaltzeagatik abiatutakoa, Udalbiltza diruz laguntzeagatik zabaldutakoa edo euskara sustatzeko emandako laguntzen aurrean aurkeztutakoa.