Ekainarekin iritsiko dira nesken eta mutilen Azpeitia Cup txapelketak

Uztarria.eus 2017ko mai. 25a, 19:26
Azpeitia Cupeko aurkezpenean izan diren erakundeetako ordezkariak. (Julene Frantzesena)
Mutilen lehia ekainaren 9an, 10ean eta 11n izango da. Neskena ekainaren 17an eta 18an. Kimu mutilen txapelketan 35 taldek parte hartuko dute, eta infantil neskenean, 34 klubek. Orotara, 600 bat lagunek parte hartuko dute txapelketetan.

Ekainean jokatuko dituzte kimu mutilek eta infantil neskek Azpeitia Cup futbol txapelketak. Hain zuzen ere, mutilen txapelketaren XI. edizioa ekainaren 9an, 10ean eta 11n izango da. Orotara, bi txapelketetan 600 bat gaztetxok parte hartuko dute.

Iaz baino bost talde gehiago ariko dira lehian; hain zuzen ere, 35 talde. Horietatik 18 punta-puntako kluben harrobiko taldeak izango dira, hala nola Bartzelona, Athletic, Reala, Alaves, Real Madril, Atletico Madril, Vila-Real eta Sevilla. Horiez gain, sailkapen fasean txapelketarako txartela lortu zuten Antiguoko, Antiguoko Eskola, Kostkas eta Kantabriako Tropezon ere ariko dira. Eta, ohiko legez, etxeko taldeek ere parte hartuko dute txapelketan, hau da, Azpeitiko Lagun Onakek eta Azkoitiko Anaitasunak.

Infantil nesken txapelketaren laugarren edizioa ekainaren 17an eta 18an izango da. 34 talde lehiatuko dira, eta talde horietatik 24 Euskal Herrikoak dira. Meliton Rodriguez Azpeitia Cup txapelketaren antolatzaileak azaldu duenez, "talde garrantzitsuenak" Azpeitian izango dira egun horietan.

Rodriguezek txapelketa lagundu duten erakundeei eta herriko saltokiei eskerrak eman dizkie. Gainera, txapelketen egunetan lanean ariko diren 200 boluntarioen lana goraipatu du, eta futbol taldeetako kideek otorduak egingo dituzten soziedadeetako lagunei ere eskerrak eman dizkie.

Horri lotuta, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak esan du herria "mapan jartzeko" balio duela txapelketak. "Azpeitiko oihartzuna urrutira iristeko baliagarria da txapelketa". Horrez gain, laguntasunaren txapelketak izanda, lehiaz haratago, Azpeitia Cupek sustatzen dituen oinarrizko balioak ekarri ditu gogora. "Txapelketak futbolean ez ezik, pertsona onak izatera bultzatzen ditu parte hartzaileak".

Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol zinegotziak nesken txapelketa antolatzearen garrantzia azpimarratu du. "Nesken futbolaren ikusgarritasuna sustatzen du txapelketak, eta horrelakoekin, pixkanaka, aurrera egingo dugu, nahiz eta asko dagoen egiteko emakumeen futbolean. Horregatik, emakumeen futbolak halako plazak izatea garrantzitsua da".

Margari Arrieta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendariak ere uste du Azpeitia Cup gisako txapelketek balio dutela "emakumeei dagokien maila aitortzeko". Horri lotuta, gogora ekarri eta salatu du Atletico Madrileko neskek Superliga irabazi dutela, eta liga hori irabazi dutelako, 54 eurona jaso dituztela diru saritan.