Ikusteko eta ukitzeko margoak

Urola Kostako Hitza 2017ko mai. 25a, 14:45
Miriam Quintana, erakusketan jarri dituen lanetako batzuk atzean dituela. (Mailo Oiarzabal)

Miriam Quintanak 11 koadrorekin osatu du Azpeitiko Aisialdi tabernan jarri duen erakusketa. Sormen lanak zein enkarguz egindakoak aukeratu ditu erakusteko.

2012an, Kultur Mahaiak antolatutako III. Kulturaldiaren barruan erakutsi zituen lehen aldiz bere lanak Azpeitian Miriam Quintanak (Urretxu, 1988). Herriko Arte eta Diseinu Ikastegian lankide zuen Beatriz Pozoren lanekin batera jarri zituen koadro batzuk Sanagustin kulturgunean. Orain, berriz, bakarkako lehen erakusketa jarri du, Plaza Nagusiko Aisialdi tabernan.

Duela sei urte etorri zen bizitzera Azpeitira eta harrezkero ematen ditu helduentzako zein haurrentzako pintura eskolak Arte eta Diseinu Ikastegian. Pintura irakasle lanarengatik ezagutzen dute askok kalean, baina ez dira horrenbeste margolari jardueragatik ezagutzen dutenak. Eta lanetik kanpoko lana da, hain zuzen ere, erakusketarekin ezagutarazi nahi duena: "Denetarik jarri dut erakusketan, nahi nuelako jendeak pixka bat ezagutzea egiten dudan lana; eskolak emateaz gain, margotzen dudala, hori dela nire bizimodua".

Errealismotik abstrakziora

Marrazketa "txikitatik" landu zuen Quintanak eta, unibertsitate ikasketak aukeratzerakoan, Arte Ederrak ikastea erabaki zuen. "Natura eta biologia ere gustuko nituen, baina ikasketak aukeratzerakoan argi neukan gehiena zer gustatzen zitzaidan; eta gurasoek ere bai", azaldu du. Eta ez da hautuaz damutu.

Aisialdiko erakusketan, berak sortutako lanak eta enkarguz egin dituen beste batzuk ikus daitezke; 11 koadro jarri ditu, guztira. Sormen lanaren barruan, abstrakzioa da gaur egun gehien lantzen ari den estiloa; "bilatzen ari naiz”, dio. Hala ere, "denetarik" egin dezakeela erakustea garrantzitsua dela uste du, eta horixe egin nahi izan du erakusketarako aukeratu dituen lanekin. "Jendeari erakutsi nahi nion figurazioa egiten duenak lan abstraktuak ere egin ditzakeela, eta alderantziz". Paisaiak, natura eta emakumearen gorputza dira Quintanak sortzeko oinarri hartzen dituen gai nagusiak. "Berdintasunari buruzko lanak ere baditut. Hortxe nabil, naturarekin eta emakumearen gorputzarekin".

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.