Azpeitiko Kantujira taldea Hazparnera joango da egun-pasa zapatuan

Uztarria.eus 2017ko mai. 25a, 14:34

Interesa duen orok eman dezake izena Hazparnera joateko autobusean. Oraingoz, 38 lagunek eman dute izena.

Azpeitiko Kantujira taldeak egun-pasa egingo du zapatuan, maiatzaren 27an, Hazparnen. Salbatore eguna ospatzen dute Hazparnen eta, hori dela eta, gonbidapena pasatu ziguten hango Kantujira taldekoek Azpeitiko Kantujira taldekoei.

08:45ean aterako dira Azpeititik. 10:30ean beren elkartean kafea eta bizkotxa dastatuko dituzte, ondoren kantuan hasteko. Gero, bazkaria eta, bazkalostean, nahi duenarentzat, errekortadoreak izango dira. Hazparnetik 19:30ak aldera aterako dira bueltan.

Udalak jarri du autobusa joan-etorria egiteko. Oraingoz, 38 lagun dira izena emandakoak. Autobusak plaza gehiago ditu eta, kanturako gogoa eta umorea dituen edonork eman dezake izena. Horretarako, interesa duten herritarrak harremanetan jarri beharko dira Kantujirako taldekideren batekin.