Errefuxiatuen errealitatea gerturatzeko egitasmoa egingo dute asteburuan, plazan

Uztarria.eus 2017ko mai. 24a, 18:11
Ezpeitiko ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute. (Elkar-ekin)

Helburua da errefuxiatuek bizi duten "injustizia" salatzea, eta horretarako ekitaldi bana egingo dute ostiralean eta zapatuan Elkar-ekinek eta herriko ikastetxeetako ikasleek, elkarlanean.

Elkar-ekinek eta herriko ikastetxeek Keinu bat errefuxiatuei egitasmoa prestatu dute datorren ostiralerako eta zapaturako, hilak 26 eta 27. Hala, errefuxiatuek bizi duten "injustizia" salatzeko ekitaldi bana egingo dute egun bakoitzean. "Lotsaz bizi dugu gertatzen ari dena, eta gure desadostasuna erakutsi eta presazko irtenbide duinak aldarrikatu nahi ditugu", azaldu dute Elkar-ekineko kideek.

Haiek esan dutenez, harresien eta errefuxiatuen kopurua "ikaragarri" igo da azken urteotan, baina "nekez neur daiteke pertsona horiek jasaten ari diren sufrimentua". Egoera salatzeko eta gaia gizarteratzeko, harresi bat eraikiko dute plazan. Ikastetxeetan errefuxiatuen gaia ari dira lantzen aste honetan, eta ikasle batzuek plazako harresia apainduko dute ostiralean, eta zapatura arte egongo da ikusgai.

Zapaturako, berriz, Zapalkuntzaren harresiak elkartasunez apurtu ekitaldia prestatu dute. Musika eta aldarria ez da faltako, eta herritarrei dei egin diete bertaratu daitezen. Ekitaldia "xumea" izango bada ere, esanguratsua izango da, 19:00etan hasita, plazan.