Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren finala zapatuan jokatuko dute, Izarraitz pilotalekuan

Uztarria.eus 2017ko mai. 24a, 13:43
Finalaren aurkezpena egin zuten atzo, Izarraitz frontoian. (Uztarria)

17:30ean hasiko da Am...ona! eta Karidadeko Benta taldeen arteko finala, eta ondoren afaria egingo dute Sanagustin Kulturgunean; sarrerak salgai daude dagoeneko.

Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren finala jokatuko dute larunbatean Azpeitian. Am..ona! Amasa eta Villabonako taldea eta Karidadeko Benta Asteasuko eta Zizurkilgo taldea arituko dira aurrez aurre bertsotan, 17:30etik aurrera, Izarraitz pilotalekuan. Ondoren, gainera, herri afaria egingo dute parte hartzaile guztiekin, Sanagustin Kulturgunean, eta finalerako eta afarirako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, Sanagustin Kulturgunean, Villabonako Amasa kafetegian, Zizurkilgo Iriarte tabernan eta Asteasuko Iturri-Ondo tabernan.

Haritz Mujikak, Joseba Otaegik eta Unai Mendizabalek osatzen dute Karidadeko Benta taldea, eta Beñat Iguaran, Amaia Agirre, Oihana Iguaran eta Ander Goikoetxea dira Am…ona! taldeko kideak. Iñaki Otaegik eta Gurutze Oiarzabalek aurkeztuko dute saioa, eta Igotz Alkorta gaiak jartzen arituko da. Epaimahaia, berriz, Oihana Arangurenek, Jon Ormazabalek, Haritz Garinek , Alazne Arrillagak eta Unai Muniainek osatuko dute.

Bertsozale elkarteak atzo egin zuen finalaren aurkezpena, eta saioaren nondik norakoak plazaratu zituzten. Honako ariketak egin beharko dituzte taldeek:

-         Taldeko agurra (gehienez 5 minutukoa)

-          Ofizioa 8ko handian, 3na bertso (talde bakoitzeko batek)

-          Ofizioa 8ko txikian, 3na bertso (talde bakoitzeko batek)

-          Ofizioa 6 puntuko motzean, 3na bertso (talde bakoitzeko batek)

-          3 puntu erantzun (talde bakoitzeko batek)

-          Bakarka gaia emanda 3 bertso (talde bakoitzeko batek)

-          Segidilan librean minutu bateko 3na txanda (talde bakoitzeko batek)

-          Talde bakoitzari beste taldekoi kantatzeko gaia jarriko zaie, beste taldekoek erantzun egin beharko dute. Ondoren alderantziz.

-          Kartzelako lana: Taldean egoera bat proposatuta koplatan, 4na kopla osatu arte.

Otsailaren 3an hasi zen Gipuzkoako Herriartekoa, eta guztira 38 talde lehiatu dira txapelketan zehar. Azpeitiarrek osatutako bi taldek hartu dute parte bertan:Erniarraitz 1 eta Erniarraitz 4. Hain zuzen, finalaurrekoan kanporatu zuten Karidadeko Bentak Erniarraitz 1 taldea.

Txapelketaren helburua izan da Gipuzkoako herrietako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusaraztea. "Parte hartzaile guztien txapelketa izan da hau; lehia baino gehiago, gozamena izan da ardatz. Guztiaren oinarria auzolana izan da", adierazi du Bertsozale Elkarteak.