Aitatasuna kartzelan

Uztarria.eus 2017ko mai. 23a, 20:02
Joseba Segurola Zühara alaba besoetan duela, Maider Bastida bikotekidearekin.

Euskal presoa da Joseba Segurola, eta aita izan berri da. Aitatasuna espetxean nola bizi duen kontatu eta dispertsioaz ere aritu da Uztarria herri aldizkariaren maiatzeko zenbakian. 195. zenbakia osorik irakur daiteke jada webgune honetan, PDF formatuan.

"Hunkigarria izan zen oso” alaba ezagutu zuen unea Joseba Segurola Xegurentzat (Azpeitia, 1975). Lehen aldi hartan, ordea, ez zuen izan alaba usaintzerik eta laztantzerik. "Zühara jaio zen egun berean [urtarrilaren 7an] lagun baten bisita jaso nuen espetxean, eta hark ekarri zizkidan argazkiei esker ezagutu nuen". Aurrez aurreko lehen bisita heldu arteko egunak luze egin zitzaizkon euskal presoari. "23 egun itxaron behar izan nuen alaba jaioberria besoetan hartzeko. Oso momentu intentsoa eta berezia izan zen; une hartan sentitu nuen benetan aita nintzela". Aita izan berri, Frantziako Lannemezan espetxean dago Segurola alabarengandik eta bikotekidearengandik 269 kilometrora, haiek besarkatzeko hurrengo bisita noiz iritsiko egunak kontatzen, esperoan.

Muga guztien gainetik

Bikote harremana loratzeko kartzelan preso egotea ez da izan oztopo Segurolarentzat eta Maider Bastidarentzat (Donostia, 1979). Segurolak 2001ean ihes egin zuen, eta ordurako ezagutzen zuten elkar. Gero, 2005eko martxoaren 23an, Frantziako Poliziak atxilotu zuenean hasi ziren bata besteari gutunak idazten. Bastidaren esanetan, "Joseba zigortu zutenean, telefonoz deitzeko aukera eman zioten, eta dei haiei esker harremana sakontzen joan zen. Bisita baimenak, ordea, ukatu egiten zizkidaten, eta haiek lortu ahal izateko, izatezko bikote egitea erabaki genuen".

Bastidaren esanetan, kartzelan dagoen lagunarekin "bikote harremana hasteko eta sakontzeko baldintzak errazak ez" zirela jabetu arren, elkarrenganako "sentimendu berezia jaiotzen" ari zela dio, eta gerta zitekeenaren "beldur" pausorik eman gabe geratu baino "nahiago" izan zuten saiatu. "Azkenean, oinarrian dagoen galdera da: gure bizitzan eta harremanean aurrera egiteko espetxeak baldintza gaitzan utziko dugu? Edo, egoeraren zailtasunaz kontziente izanagatik aurrera egin eta gure ametsak betetzeko urratsak egingo ditugu? Hortxe dago gakoa espetxealdiari aurre egiteko. Gainera, gaur egun, familia eredu ugari dago, eta gurea beste bat gehiago da".

Harremana sakontzeak modu naturalean piztu zien guraso izatearen "ilusioa eta desira", baina Bastidak dio espetxeak "asko zaildu eta luzatu" diela familia izatea. Era berean, gaineratu du bikotekidea kartzelan izatea "hutsune handia" bada, haurdunaldian hutsune hori "are eta handiagoa" dela. "Oso une berezia da haurdunaldiarena, eta Joseba uneoro oso gertu sentitu arren, askotan haren hutsunea oso handia da: erditze aurreko klaseetan, mediku kontsultetan, erditzean, eta zer esanik ez, orain, egunerokoan. Halako egoeran ingurukoen laguntza garrantzitsua da oso, eta etxekoengandik eta lagunengandik oso babestua sentitu naiz". Segurolaren esanetan, guraso izatea erabaki zutenean, "kontziente" zen horren guztiaren "hutsunea" senti zezakeela, baina "alaba mundura iristean" jakin du benetan hutsune horren pisua zenbaterainokoa den: "Izugarria". Gainontzean, aita izatearen esperientziarekin "oso pozik" dago: "Ikasten eta gozatzen, guraso izateak dituen ilusioekin, kezkekin eta urduritasunekin".

Dispertsioa, etsai

Hilean bitan joaten dira ama-alabak Segurolarengana, eta mota desberdineko bisitak dituzte; iraupen luzekoa bata, eta motza bestea. Bisiten antolaketari dagokionez, Zühara koskortu arte, ama-alabak Lannemezanera eramateaz eta ekartzeaz Bastidaren eta Segurolaren familiak eta lagunak arduratzen dira, txandaka. Izan ere, haurra oraindik oso txikia da, eta Bastida txofer dela alabarekin bakarrik hiru ordu eta erdiko joan-etorria egitea gehiegizkoa litzateke.

Alabaren eta bikotekidearen bisitak "zoragarriak" dira Segurolarentzat. Alabaina, aitortu du aita denetik sakabanaketa "beste begi batzuekin" ikusten duela. "Urruntzearen ondorioz, haur batek aitarekin edo amarekin egon ahal izateko hainbeste kilometro egin beharra mendeku politikaren adibide argia da". Dispertsioaren "ondorio nagusienak presoek baino familiak eta lagunek sufritzen" dituztela adierazi du: "Zuzenean familia eta lagunak kolpatzen dituzte, zeharka gu kolpatzeko. Eguna joan eta eguna etorri giza eskubideez hitz egiten duten horiek dira politika anker hau martxan jarri zutenak eta gaur egun ere mantentzen dutenak, presoa suntsitzeko helburuarekin". Bisita aurreko eta ondorengo orduetan, "kezkak biderkatu" egiten direla kontatu du. "Hurrengo egunean etxera telefonoz deitu eta ondo iritsi direla jakin arte urduritasunak jan egiten gaitu. Guztion ahaleginarekin, behar-beharrezkoa da egoera bihozgabe honekin lehenbailehen bukatzea".

Bastidaren esanetan, "ezin da ukatu dispertsioak nekea eragiten" diela senideei eta lagunei. "Astea lanean pasatu ondoren, ehunka eta milaka kilometro egiten ditugu senidea bisitatzeko, eta ezin ditugu ahaztu haurrak, adineko pertsonak edota arazo fisikoren bat dutenak. Alabaina, senidearekin egoteko gogoak neke hori gainditu egiten du".

Zentzu horretan, Paristik Lannemezanera "gerturatu" zutenean, "gurasoengatik asko poztu" zela esan du Segurolak, baina "amaren gaixotasuna eta banatzen gaituzten 269 kilometroak oztopo handiegia dira. Orain, aita izanda, Zühararen hutsunea sentitzen dudan bakoitzean, nire amak senti dezakeen hutsunearekin asko gogoratzen naiz. Bi urte baino gehiago dira ama ikusten ez dudala".

Izan ere, etxetik urrun preso dagoenarentzat indarra eta arnasa dira bisitak. "Espetxetik ihes egiteko modua dira. Familiakoen eta lagunen bisitek kalearekin harremanetan jarraitzeko aukera ematen digute. Zentzu horretan, kartzelako egunerokotasunari aurre egiteko behar-beharrezkoak ditugu". Preso daramatzan hamabi urteetan, astea joan eta astea etorri, "hutsik egin gabe" astebururo bisitara joaten zaizkion guztiei egiten duten "ahalegina eta adierazten duten elkartasuna eskertu" nahi izan dizkie Segurolak.

Hirurok elkarrekin, etxean

Espetxea atzean utzi eta Joseba etxeratzen den eguna "ilusioz, gogoz eta pozez" irudikatzen dutela adierazi du Bastidak: "Egun horrekin amesten dugunik ezin ukatu. Maiz hitz egin dugu egun horretaz. Egoera berria izango da, eta denok egokitu beharko dugu. Izan ere, ziklo bat amaituko da, espetxearena, baina beste bat hasiko da; espetxea atzean utzi eta gu hiruron (elkar)bizitza eraikitzen hastearena".