Xoxotera irteera antolatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak iganderako

Uztarria.eus 2017ko mai. 23a, 19:57
Iazko Xoxoteko Eguneko irudia. (Lagun Onak Mendi Bazkuna)

09:00etan irtengo dira Xoxotera, plazatik abiatuta. Autobusez Aittora joateko aukera ere egongo da, eta horretarako izena eman behar da aurrez. Gaur Mendi Film Festibal izango da Soreasun, eta igandeko ibilaldiarekin bukatuko da 2017ko Mendi Astea. 

Joan den igandean, maiatzaren 21ean, Txalintxoko Egunarekin hasi zen Lagun Onak Mendi Bazkunak urtero antolatzen duen Mendi Astea, eta datorren igandean, hilaren 28an, dute azkenengo hitzortua: Xoxoteko Eguneko irteera. 

Xoxoteraino oinez igo nahi duten lagunak 09:00etan irtengo dira plazatik. Autobusez Attolara joateko aukera izango da nahi duenarentzat, ondoren handik Xoxotera igotzeko. Horretarako aurrez izena eman behar da Lagun Onak M.Bren tabernan edo webgunean. Autobusa azoka plazaren atzean hartuko dute Attolara igoko diren lagunek. 

12:00etan meza izango da, eta ondoren, mendian hil diren mendizaleei lore eskaintza egingo diete. 13:00etan, berriz, gaztetxoei dominak banatuko dizkiete, eta bertaratzen direnentzat salda, jolasak eta erromeria egongo da. Azpeitira arratsaldean itzuliko dira, 17:00ak aldera. 

Gaur Mendi Tour Jaialdia

Mendi Astearen barruan Mendi Tour Jaialdia iritsiko da gaur Soreasu antzokira. Hala, Bilbao Mendi Film Festibalaren azken edizioko lanik onenak ikusteko aukera izango da. Honakoak dira gaur 21:00etan hasita proiektatuko dituzten filmak: Boys in the bugs (eskaladako film onena), Dodo's delight (kirol eta abentura film onena) eta Blocheads (eskaladaren inguruko pelikula).