'Mozal Legea'-ren aurkako pintaketak egin dituzte Lurraldebusen autobus batean

Uztarria.eus 2017ko mai. 22a, 14:22
'Eutsi Martin! Mozalik ez.' idatzi zuten autobusean. (Ainitze Agirrezabala)

Ezezagun batzuek egin zituzten pintaketak joan den ostiralean. Maiatzaren 13an Usurbilen trenak harrapatu zuen ekintzaileari babesa ematea zen protestaren asmoa. Aldundiak eta Lurraldebusek gertatutakoa salatu dute.

Joan den ostiralean Lurraldebusen autobus bat margotu zuten zenbait ezezagunek Azpeitian, Burdinbidearen Euskal Museoaren aurreko geltokian, 20:30ean. Zehazki, honako mezu hau idatzi zuten: Eutsi Martin! Mozalik ez.

Maiatzaren 13an Usurbilen gertatutako ezbeharraren harira egin zituzten pintaketak. Egun hartan, Donostiako Eleak-Libre dinamikako hamabost ekintzaile EAJ, Mozal Legeari ez zioen mezua pintatzen hasi ziren trenaren albo batean, eta trena geltokian geldi mantentzeko asmoz, haietako bat trenaren aurrean jarri zen puxika laranja batekin. Eleak-Libre dinamikak jakinarazi duenez, trenak aurrera egin zuen, eta puxika eusten ari zen laguna lurrera bota zuen. Ekintzailea ospitalera eraman zuten zauri larriekin. Hari babesa adieraztea zen ostiraleko protestaren helburua.

Erakundeen salaketak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lurraldebusek margoketak salatu dituzte. Aldundiak igorritako oharrean zehaztu duenez, "autobusa geralekuan geldituta zegoen bitartean, lau txanodun autobusera igo ziren, eta batek gidaria autobusa geldirik mantentzera derrigortzen zuen bitartean, beste hirurek autobusaren kanpoaldeko bi aldeetan margoketak egin zituzten".  Margoketak bukatutakoan, "lau txanodunek korrika ihes" egin zutela adierazi dute, eta gidariak Ertzaintzari deitu ziola erasoa salatzeko.