Udaberriko zaporez beteta aurkeztu dute Urola Gustagarri

Uztarria.eus 2017ko mai. 19a, 16:15

Luma Gorri oilaskoa, Euskal Sagardoa eta barazkiak oinarri hartuta, pintxo eta menu bereziak eskainiko dituzte bailarako hainbat jatetxe eta tabernetan, ekainaren 11ra bitartean.

Tokian tokiko produktuak sustatzeko eta bertako ekoizle eta baserritarrak aitortzeko asmoz, Urola Gustagarri ekimenaren Udaberriko Zaporeak abiatu dute Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Garapen Agentziak eta Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko Elkarteak. Gipuzkoako Foru Aldundiko eta bailarako udaletako ordezkariek, ekoizleek eta Euskal Sagardoa jatorri-izendapeneko eta Luma Gorri Baserriko Oilaskoaren ekoizleen kideek aurkeztu dute egitasmoa, gaur, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan egin duten agerraldian. Izan ere, Urolako Trenbidea zenarekin lotu dute Udaberriko Zaporeak egitasmoa; "trenbideak lotura zuzena izan zuen bertako ekoizleekin eta gastronomiarekin. Ekoizleak azoketara joan eta beren produktuak han saltzeko elementu garrantzitsua izan zen trena", adierazi dute arduradunek.

1926ko otsailaren 23an inauguratu zuten Zumarraga-Zumaia tren linea, eta egun hartan agintariek jan zuten menuan oinarritu dira Udaberriko Zaporeak egitasmoa zehazteko; hala, Euskal Sagardoa, bertako barazkiak eta Luma Gorri oilaskoak izango dira edizio honetako protagonistak.

Aurtengo edizioa "esanguratsua eta berezia" dela azpimarratu dute antolatzaileek. Maiatzaren 19tik ekainaren 11ra bitartean iraungo du egitasmoak, eta tarte horretan jaki bereziak prestatuko dituzte bailarako ostalariek. Ohiko menuez gain, aurten izango da berrikuntzarik. Izan ere, lehenengo aldiz tabernak batu dira egitasmora, eta haiek ere pintxo bereziak prestatuko dituzte ekainaren 11ra bitartean.

Horrez gain, baserrietara bisitak egingo dituzte bi egunetan: maiatzaren 27an, larunbatean, bisita gidatua egingo dute Lumagorri oilaskoa hazten duten Azkoitiko Jauregi baserrira. Ekainaren 10ean, berriz, Azpeitiko Sakona etxalde ekologikora. Bi bisitak 11:00etan izango dira, eta erreserbak egiteko 943-15 18 78 telefonora deitu behar da.

Agerraldian elkartu diren ordezkariek baserritarren eta ekoizleen lana goraipatu dute, eta bertakoa eta garaian garaikoa kontsumitzearen garrantzia azpimarratu dute.

Ekimenaren inguruko informazio osoa www.urolagustagarri.eus atarian lortu daiteke.