Azpeitia herri hezitzailea izan dadin pausoak ematen jarraitzeko, bilera deitu dute astelehenerako

Uztarria.eus 2017ko mai. 18a, 17:43
Maiatzaren 6an egindako Hezzi Hezitzailea jardunaldiko irudia.

Maiatzaren 6an egin zen Herri Hezitzailea jardunaldia "motz" gelditu zela iritzita deitu dute bigarren bilkura. Xedea da Azpeitia herri hezitzailea izateko urratsak egiten jarraitzea. Edonork har dezake parte asteleheneko bileran. 

Joan den maiatzaren 6an Herri Hezitzailea jardunaldia egin zen Sanagustin kulturgunean, Azpeitia herri hezitzailea izan dadin aurreneko pausoak emateko. Orain, bidean urratsak egiten jarraitzeko helburuarekin, bigarren bilera bat deitu dute Herri Hezitzailea jardunaldiaren sustatzaileek. Sindikatu Zaharrean izango da bilkura, 19:00etan hasita, eta egitasmoan interesa duen oro hurbil daiteke bilerara.

Herri hezitzailearen filosofiak honakoa aldarrikatzen du: hezkuntza eredu euskalduna, parte-hartzailea, aktiboa, berdintasunean oinarritutakoa eta ingurumen natulara zein kulturala errespetatzen dituena. Balore horiek biltzen dituen aterkiaren azpian bildu ziren hilaren 6ko jardunaldietan herri hezitzaileen filosofiarekin bat egiten duten herriko hainbat eragile eta norbanako. Guztira, 80 pertsonatik gora. Egitasmoak izan zuen erantzuna ikusita deitu dute bigarren bilkura.

Sanagustinen egin zuten jardunaldian parte hartu zuten eragileek beren proiektuen berri eman zuten, eta horiek herri hezitzaileen filosofian kokatu. Azalpenak eman eta gainerako taldeen esperientziak entzuteaz gain, ekarpenak egiteko aukera ere izan zuten jardunaldia amaitzean. Hala, talde txikietan banatuta topaketaren balorazioa egin zuten, eta Azpeitia herri hezitzailea izateko zer egin daitekeen zerrendatu zuten, hausnartzen aritu ostean. Ideia eta hausnarketa horiek Udalari helarazi zizkioten. Horiek irakurri ostean, Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak esan du Udalak "balorazio oso positiboa" egin duela. "Jendeak parte hartu zuen, eta parte hartzaileek proiektuaren inguruan interes handia azaldu ziguten", adierazi du Goenagak.

Askok jardunaldia "motz" gelditu zenaren sentsazioa izan zutela ere azpimarratu du Hezkuntza zinegotziak: "Gai interesgarria da oso, goiz batean laburbiltzeko egitasmo zabalegia, baina abiapuntu gisa oso pauso garrantzitsua izan zen". Hala, "motz" gelditu ziren jardunaldiei jarraipena ematera dator asteleheneko batzarra. 

Hezkuntza formaleko (ikastetxeak) eta hezkuntza ez formaleko (ludotekak, gaztelekua,kirola, kultura) eragileek zein Udalak antolatu zuten Herri Hezitzailea jardunaldia, eta apirila amaieran aurkeztu zuten egitasmoa. 

Honakoa Udalak jardunaldietan hartutako irudiekin osatutako bideoa da. Bertan agertzen dira egitasmoan parte hartu zuten eragile edo tldeak, hala nola Azoka Herritik, Jauzika Heziketa Elkartea, Haujijijai Batzordea, Azpeitiko Ikastola Ikasberri, Iraurgi Ikastetxea eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai.