Alex Etxeberria: "Oraingo ziber eraso honen antzekoa izan zen duela bi urte"

Uztarria.eus 2017ko mai. 18a, 14:54

Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearen zuzendaria da azpeitiarra. Joan den ostiraleko ziber erasoaren ostean, erakundearen sistema informatikoak zaintzen ari dira.

Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearen (EJIE) zuzendaria da Alex Etxeberria (Azpeitia, 1967). Jaurlaritzaren sistema informatikoak bermatzea da bere egitekoa, eta joan den ostiraletik hautsak harrotzen ari den ziber erasoaz hitz egin du.

Ziber erasoaz asko hitz egin da egunotan. Zer gertatu da zehazki?

Ez dago garbi erasoa nondik etorri den. Ez dakigu pertsona batzuek webguneren batean loturaren bat klikatu eta malware bat deskargatu duten edo posta elektronikoz fitxategiren bat bidali eta zabaldu egin den. Birusaren berezitasuna da ordenagailu batean sartzen bada, sare horretan dauden gainerakoak ere kutsatzen dituela. Dirudienez, hori zen Microsoften sistema eragileak zuen zulo bat. Zulo hori partxe batekin tapatu zuen martxoan Microsoftek, baina gertatzen dena da enpresetan eta erakundeetan dauden ordenagailu guztietan partxea zabaltzea oso nekeza dela. Aldiro probatzen eta zabaltzen dira partxeak erakundeetan-eta, baina enpresa batzuek egiteke zuten lan hori, eta harrapatu egin ditu.

Nola eragin dio erasoak Eusko Jaurlaritzari?

Ez dugu ezer arrarorik nabaritu, baina ikusi genuenean zer garrantzia zuen erasoak, enpresetan eragiten ari zela eta CERT taldeek alarmak piztu zituztela, posta elektronikoa eta Interneteko sarbidea moztu genituen. Izan ere, bide horietatik zabaltzen dira birusak. Bost minututan hartu genuen dena mozteko erabakia, eta, ondoren, egoera aztertu genuen. Ikusi genuen partxeak zabalduta genituela, eta horiek bere horretan mantentzeaz arduratu gara. Horretan segitzen dugu.

Birusak informazioa ateratzeko balio du?

Kasu honetan, badirudi, ordenagailua blokeatzen edo kodetzen duela. Baina blokeo hori erabilita gauza gehiago egin ahal izango dira, ziur. Sarea kodetzen badute, bi aukera daude: ordaindu eta dezifratzeko kodea lortzea edo segurtasun kopia egitea. Horregatik da garrantzitsua segurtasun kopia eginda izatea.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean