Presoen errealitate gordinak azalera

Uztarria.eus 2017ko mai. 17a, 17:58

Gaixotasun larriak, dispertsioak eta espetxe politikak barruan daudenei zein kanpokoei dakarzkien oztopoak, familien egoera, bergizarteratzearen zailtasunak... Gai asko landu dituzte Azpeitiko Sarek antolatutako mahai inguruan.

Euskal presoen egoeraren gainean salatzeko eta hausnartzeko dauden kontu asko azaleratu zituzten herenegun Sanagustin kulturgunean, Azpeitiko Sarek antolatutako Zer salatzen dugu? mahai inguruan, zapatuan Salatzen Dut Egunarekin amaituko den Salatzen Dut Hilabetearen barruan. Presoen egoerarekin lotutako hainbat hariri tiraka aritu ziren sei herritar: Gotzon Aranburu presoaren arreba Ainhoa Aranburu, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, EAJren udal bozeramaile Aitor Gorrotxategi, Maria Jesus Bernaras medikua, Izar Arregi psikologoa eta Haritz Arakistain Sareko kidea. Mahai ingurua gidatzen, berriz, Laxaro Azkune aritu zen.

Larriki gaixo dauden presoen egoera izan da Sareren jardunaren ardatz nagusietakoa aspaldian, eta gai horixe izan zen Sanagustinen mahai gainera atera zuten aurrena.

“Argi dago preso eta gaixo, elkarrekin oso ondo uztartzen ez diren bi gauza direla”, esan zuen Azkunek, Maria Jesus Bernarasi hitza eman aurretik. Dituzten gaixotasun larriengatik kartzelatik kanpo behar luketen hamabi presoen kasuak azaldu zituen banan-banan medikuak; diagnostikoak, sintomak eta ondorioak xehetu zituen, baita kartzelan bizi dituzten baldintzek osasun egoeran nola eragin diezaieketen ere. Arakistainek nabarmendu zuenez, “horiek datu ofizialak dira, baina guztira 21 dira espetxeratuta dauden preso gaixoak”. Bernarasen azalpenak entzunda, “egoera oso-oso larria” dela adierazi zuen Sareko kideak. “Argi daukagu preso horiek kalera irten behar direla sendatzeko, eta ez hiltzeko”. 

(Kronika osorik Urola Kostako Hitzan).