Ostadarraren koloreak plazan, norbera den bezalakoa izateko askatasuna aldarrikatzeko

Uztarria.eus 2017ko mai. 17a, 16:38

Eskuak gora altxa, eta "naizena naizela, maitatua" oihukatu dute hainbat eta hainbat lagunek Azpeitiko plazan gaur eguerdian. Gaur Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Munduko Eguna denez, ekitaldia egin dute herriko ikastetxeek, Azpeitiko Udaleko Gazteria eta Parekidetasun sailak eta Arremanitz kooperatibak antolatuta. Hain zuzen ere, Azpeitiko Ikasberri Ikastolako, Iraurgi Ikastetxeko, Karmelo Etxegarai Ikastolako eta Urola Ikastolako ikasleak zein irakasleak eta beste hainbat herritar bildu dira bertan.

Ekitaldiarekin "norbera den bezalakoa izateko askatasunaren aldeko aldarria" egin dute antolatzaileek. Lehenik, Haizea Egiguren eta June Urain herritarrek antzerkia egin dute udaletxeko balkoian, eta, gero, Ekain Txouren ikuskizuna ikusi ahal izan da kioskoan. Segidan, osatadar koloreko oihala zabaldu dute balkoian, eta, amaitzeko, Eneko Etxeberria alkateak adierazpen instituzionala irakurri du.

Gaurko egitasmoaren laburpen bideoa egiten ari da Uztarria.