Azpeitiko Udalak homofobia eta transfobia "adierazpen mota guztiak" salatu ditu

Uztarria.eus 2017ko mai. 17a, 12:41

Gaur, maiatzak 17, homofobia eta transfobiaren aurkako eguna da, eta horren harira, Azpeitiko Udalak adierazpen instituzionala onartu du.

Gaur, maiatzak 17, homofobia eta transfobiaren aurkako eguna dela eta, Azpeitiko Udalak honako adierazpen instituzionala onartu du:

"Maiatzaren 17an homofobia, lesbofobia eta transfobiaren aurkako nazioarteko eguna ospatuko da. Egun hori aukeratu zen, 1990 urteko maiatzaren 17an Osasunerako Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik ezabatu zuelako. Ondorioz egun hori, lesbianek, homosexualek, bisexualek eta transexualek pairatzen duten diskriminazioa salatzeko eta mundu osoan haien eskubideak aldarrikatzeko eguna da. Azpimarratu beharra dugu oraindik ere transexualitatea (disforia de genero) diagnostiko-manualetan trastorno moduan jasota dagoela.

Azken hamarkadetan aurrera pausu handiak eman direla ukaezina da, batik bat lege-babesa indartu delako eta baita ikusgarritasun soziala ere. Hala ere bazterketaren gordintasunak bere horretan dirau, eta horren adierazle dira suizidio tasa altuak, sexu gehiegikeria eta eskolako jazarpen tasa askoz altuagoak. Bazterketa edo jazarpen hori mota desberdintakoa izan daiteke, fisikoa, psikologikoa, legala, soziala, eta abar; eta horrelako ekintzatzat har daitezke, bazterkeria edo gaitzespena jasatea, irainak edota laidoak jasotzea, eraso fisikoak pairatzea, eta baita erailketa edota suizidioa eragitea ere.

2006ko irailean, Europako Parlamentuan gazte lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen gizarte-bazterkeriari buruzko txosten bat aurkeztu zen, eta ondorio hauek azaleratu zituen:

Europako gazte LGBTek aurreiritzi ugari eta diskriminazioa pairatu behar dituztela eguneroko bizitzan; horrela, % 61,2k eskolan diskriminazioari egin behar diola aurre, % 51,2, berriz, familia-bizitzan, eta % 29,8k azkenik, lagunen taldean.

Bestalde, Arartekoak 2011n Eusko Legebiltzarrerako egindako Arrisku-egoera berezietan dauden adingabeakizeneko txostenaren arabera, joera afektibo eta sexualen aniztasuna nahiz nortasun transexuala eta transgeneroa ez daudela behar bezala onartuta, eta oraindik ez dutela normaltasun mailarik gure gizartean. Horrek eragin egiten duela haur eta nerabe LGTB ugarik egunero beren errealitatea onartzen ez duten egoeretan bizi behar izatea, eta beren familietan, eskolako ingurunean eta aisiakoan gutxiespen irekia ere bizi behar izaten dutela.

Horren aurrean Azpeitiko Udalak:
– Ozen eta argi gaitzetsi nahi ditugu homofobia eta transfobia adierazpen mota guzti guztiak.
– Sentsibilizazio lan iraunkora egiten jarraituko dugu Udaleko sail ezberdinetatik.
– Herriko ikastetxe guztiei baliabideak eskainiko dizkiegu homofobiari aurre hartzeko.
– Homofobia kasuen aurrean eskuhartzea koordinazteko zerbitzuak indartuko ditugu, gazteengan arreta berezia jarriz.
– Maiatzaren 17an Naizela Naizela, Maitatua ekimenean parte hartzeko deia egiten diegu azpeitiar guztiei".