Beñat Lizasok parte hartuko du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian

Uztarria.eus 2017ko mai. 16a, 21:06
Beñat Lizaso.

Txapelketak 14 saio izango ditu, eta irailaren 23an izango da aurrenekoa, Baigorrin. Finala, berriz, abenduaren 17an jokatuko dute Barakaldoko BEC erakustazokan. Guztira, 43 bertsolari ariko dira bertsotan, txapela nork eskuratuko. 

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 17. edizioan parte hartuko du Beñat Lizaso bertsolari azpeitiarrak. Gaur, asteartea, jakinarazi dute txapelketan parte hartuko duten bertsolarien zerrenda, eta horien artean da Lizaso. Guztira, 43 bertsolarik eman dute izena lehian.

Txapelketak 14 saio izango ditu, eta irailaren 23an izango da aurrenekoa, Baigorrin. Finala, berriz, abenduaren 17an jokatuko dute Barakaldoko BEC erakustazokan.

Azken bi urteotan egin diren herrialdeetako txapelketetan eskuratu dute bertsolariek Txapelketa Nagusian parte hartzeko txartela, eta horiez gain, orain dela lau urteko finalistak ere ariko dira lehian. Honako bertsolari hauek izan ziren 2013ko finalistak: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Igor Elortza, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi eta Sustrai Colina. Txapelketan parte hartuko duten gainerako bertsolariak honako hauek dira: Agin Laburu, Aimar Karrika, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Amets Arzallus, Ander Lizarralde, Ander Fuentes Itturri, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Asier Otamendi, Beñat Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Beñat Lizaso, Beñat Ugartetxea, Eneko Abasolo Abarkas, Eneko Lazkoz, Etxahun Lekue, Felix Zubia, Ibon Ajuriagojeaskoa, Igor Elortza, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Jon Martin, Jone Uria, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio, Mikel Artola, Miren Amuriza, Miren Artetxe, Nahikari Gabilondo, Nerea Elustondo, Nerea Ibarzabal, Odei Barroso, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Oihane Perea, Onintza Enbeita, Sustrai Colina, Unai Agirre, Unai Gaztelumendi, Xabat Galletebeitia eta Xabi Maia.

2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aurkezpen ofiziala irailaren 12an egingo dute. Aurkezpen festa, berriz, irailaren 20an izango da.