Karmelo Etxegaraiko irakasleen gehiengoak egin du bat gaurko greba deialdiarekin

Uztarria.eus 2017ko mai. 16a, 15:51

Urola Ikastolan, aldiz, irakasleen gutxiengoa batu da hezkuntza publikoaren sarean deitu duten lanuztera. ELAk, LABek eta Steilasek egin dute grebarako deialdia, eta CCOO ere gehitu zaie. Gaurko mobilizazioaren bitartez, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote neurriak har ditzala hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko.

Hezkuntza publikoko langileek greba eguna dute gaurkoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hezkuntza publikoa hobetzeko aldarria egin dute, eta Azpeitian ere izan du oihartzuna deialdiak, baina nabarmen ezberdina izan da grebarekin bat egin duten irakasleen kopurua Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Urola Ikastolan.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain irakasleen %72 ingu batu da gaurko greba deialdira. Hala, gutxieneko zerbitzuak eman dituzte, legeak agindutakoaren arabera. Jangela zerbitzurik ere ez dute eskaini, eta greba egin dute jantokiko langileen %100ak.

Urola Ikastolan, aldiz, bestelakoa izan da erantzuna; izan ere, Azpeitiako eta Azkoitiako 102 irakasletik zortzik egin dute greba. Ikastetxetik azaldu dutenez, "eragina izan dute Batxilergoko azterketek eta selektibitaterako prestaketek". 

ELAk, LABek eta Steilasek egin dute grebarako deialdia, eta CCOO ere gehitu zaie. Gaurko mobilizazioaren bitartez, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote neurriak har ditzala hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko.

Lanuztea deitu duten sindikatuen arabera, babesa %80koa izaten ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren datuen arabera, ordea, irakasleen %45,72k egin dute greba.