Gorka Azkune: "Niretzat ardura soziala da zientzia gizarteratzea"

Uztarria.eus 2017ko mai. 16a, 15:15
Gorka Azkune, saria eskutan. (Elhuyar)

Adimen artifizialari buruzko Intuizioaren bide ilunak argitzen erreportajearekin dibulgazio artikulu orokorraren saria jaso du Gorka Azkunek (Azpeitia, 1982). CAF-Elhuyar saria seigarren aldiz irabazi du adimen artifizialean doktoreak.

Intuizioaren bide ilunak argitzen artikuluarekin lortu duzu CAF-Elhuyar dibulgazio saria. Adimen artifiziala landu duzu. Nola koka dezakegu gaia?

Intuizioa definitzen da ezagutza ez-arrazionala bezala. Hau da, eguneroko bizitzan esperientziarekin eta praktikarekin hartu dugun ezagutza bezala. Gertatzen dena da intuizioaren bidez askatzen ditugun arazoak sinpleak direla. Adibidez, argazki bat erakutsi eta galdetzen badidazu zer agertzen den bertan, niretzat erraza da esatea mendia ageri dela edo pertsona bat dagoela. Baina intuizioaren bidez askatzen ditugun arazo horiek dira, hain zuzen ere, ordenagailuarentzat zailenak direnak. Esaterako, bost zifrako biderketa bat buruz egiteko esango banizu, nahikoa lanekin ibiliko zara; ordenagailu batek, berriz, milisegundotan egiten du. Beraz, guretzat zailak diren arazoak ordenagailuarentzat errazak dira, eta alderantziz. Zergatik da hori horrela? Ordenagailuek ez dutelako guk dugun intuiziorik.

Alabaina, zure lanean azaltzen duzu ikasketa teknikak erabilita gizakiaren intuizioaren antzeko zeozer lortzen saiatzen ari direla makinekin.

Hala da. Makinek ere ikasketa gaitasunarekin gure intuizioaren pareko gaitasunak lor ditzakete. Gaur egun, oraindik mugak asko izan arren, gure ustez intuitiboak diren gauzak dagoeneko ikusten dituzte makinek.

Adituek zioten Go-ko jokalari onenei irabaziko zien makinarik ez zela izango 20 urtean. Iaz, ordea, Deep Mind enpresak AlphaGo makinarekin irabazi zion munduko txapeldun handienetakoa den Lee Sedoli.

Adimen artifizialean jende askok jartzen zuen mugarri hori. Intuizio handia behar duen jokoa da Go, eta uste zen ez zela lortuko epe motzean, baina lortu egin da. Eta lortu da, hain zuzen ere, makinari dena programatuta eman beharrean, berak lana egin dezan libre utzi zaiolako. Gaur egun, arazo bat planteatzen zaio makinari, eta libre uzten zaio probatzen eta erabakiak hartzen. Eta horietatik ikasi egiten du, ume txikien antzera. Lee Sedolek hainbat estrategia erabili zituen AlphaGo menderatzeko asmoz. Partida batean, nahita, gaizki jokatu omen zuen, egoera haren aurrean AlphaGok zer egin ez zuela jakingo pentsatuta. Estrategiak huts egin zion, ordea. Sedolek hirutik partida bakarra irabazi ahal izan zuen, oso mugimendu bikaina egin zuelako. Ingeniarien arabera, makinak aurreikusi zuen mugimendu hura, baina oso probabilitate baxua eman zionez, ez zen hartarako prestatu. Era berean, adituek diote beraientzat harrigarriak diren mugimendu bikain asko egin zituela makinak.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean